Talde indartsuak ezkutuan

csc.jpgJakina da tropelean diru kantitate oso desberdinak mugitzen dituzten taldeak ditugula. Ezin daitezke konparatu adibidez Quick Step, CSC, Discovery edo T-Mobile taldeen diru indarra, askoz ere apalagoak diren Bouygues, FDJ edo AG2R taldeenekin eta hori epe luzera, garaipenak lortzerako orduan, nabarmentzen da.

Hala ere, denboraldi hasiera honetan behintzat diru alde hori ez da gehiegi nabarmendu, agian Quick Step taldearen kasua ezik. Jakina da betidanik klasikoetarako talde zoragarria izan dutela, baina aurtengo denboraldi hasiera ez da hobetu erraza. Jakina, Tom Boonen eta Paolo Bettini talde berean edukitzearen abantailak ditugu horiek. Ez ahaztu hala ere, talde berekoak direla Nuyens gaztea, Pozzato, Garate edo ekainetik aurrera Rujano bezalako txirrindulariak.

Badira hala ere dirua belarritik irteten zaien eta oraindik gehiegi erakutsi ez duten taldeak: Discovery, T-Mobile eta CSC. Egia da gehienek euren begirada Tourrean jarrita izango dutela, batez ere euren liderrak diren Ullrich, Popovych edo Basso, baina pixka bat harritzekoa da jarrera hori CSC taldearen gain. Aurreko urteetan ere Tourrean zoragarri ibili arren, denboraldi hasera zoragarriak ematera ohitu gintuzten. Aurten ordea, iaz baino askoz ezkutuago dagoen taldea dugu Bjarne Rijs-en Team CSC. Iaz izan ere Julich, Voigt eta konpainia erakustalditik erakustaldira ibili ziren, baina aurten ez dugu horrelakorik. Nire iritzi apalean, helburuak aldatu izana dela uste dut arrazoi bakarra. Armstrong tropelean ez izateak Tourreko erreinua airean utzi du eta Ivan Bassoren bitartez hori lortzeko asmoarekin helburuak aldatu eta denboraldi hasiera pixka bat bazterrera utzi dutela uste dut. Ziur naiz adibidez Fabian Cancellara bezalako txirrindulari bat Gante-Wevelgen, Flandriako Tourrean edo Paris – Roubaix-en oso aurrean ibiliko dela, eta ziur baita atzo erori zen O’Gradyren asmoak hor nonbait zebiltzala, baina orokorrean, Tourrean talde oso oso indartsu bat emateko asmoa duela iruditzen zait, eta ez dut uste helburu hori jarrita huts egingo dutenik. Uztailean beldurra emateko moduko talde bat izan daiteke, Basso, Sastre, Julich, Voigt, Zabriskie, Scheck, Cancellara, O’Grady eta Arvesen euren sasoi puntu egokian iristen badira. Ez da erraza izango, talde bezala behintzat, CSC-ri aurre egitea.

Munduko talderik onenak, hala dela garbi erakutsiko duela uste dut, noiz ez dakit, ez bait nago ziur euren helburuak zein diren, baina lan taldea zein txirrindularik osatzen duten ikusita, lehenago edo geroago erakustaldiak emanaz ibiliko direlakoan nago.