Cancellarak ez du hutsik egin

Cancellara. 2009ko Vueltako 7. etapan garaipenaAssenen motoen zirkuitu batean irabazi zuen Cancellarak eta motoekin konparatze nuen. Gaurkoan F1eko autoak ibiltzen diren Valentziako kaleetatik aritu dira txirrindulariak erlojuaren kontra eta oraingoan ere Cancellarak ez du areriorik izan. 49 km/h inguruko bataz besteko abiaduraz gailendu zaie gainontzeko txirrindulariei eta maillot horia berreskuratu du. Millar eta Grabsch 32 eta 36 segundotara sailkatu dira hurrenez hurren espero bezala.

Gaurko etaparen nondik norakoak espero bezala joan dira. Beharbada eguraldiak batzuri kalte gehiago egin badie ere, orokorrean ez da ezusteko nabarmenik izan. Millar eskoziarrak denbora oso ona jarri du eta denborarik onena izan da Cancellarak bere lanak burutu dituen arte. Bazirudien Grabschek Millarren denbora gaindi zezakeela, baina azkenean 2 segundora sailkatu da alemaniarra.

Faboritoetan lanei ekiten lehena Vinokourov izan da. Kazakhstandarrak zerbait egitekotan gaurko erlojuaren kontrako saioan egingo zukeela pentsatzen nuen, baina ez da hala izan. Berak egin ohi izan dituen saioetatik urruti izan da eta Millarren denbora baino 41 segundo gehiago behar izan ditu.

Mosquera Samuel Sanchezen aurretik ekin dio saioari, baina galiziarra pattal zebilen erlojuaren kontrako espezialista ez baita, eta asturiarrak gainditu egin du. Bazirudien oso ondo ari zela Euskaltel-Euskadiko txirrindularia eta helmugan ere hala izan da. Millar gainditzeko gai izan ez bada ere, 15 segundora helmugaratu da eta faboritoen artean denborarik onena egitea lortu du gaurkoan.

Danielsonek tarteko mugarrietan denbora kaxkarragoak egiten joan den arren, bukaeran Samuel Sanchez baino 3 segundo gehiago behar izan ditu ibilbidea egiteko.

Haimar Zubeldia izan da hurrengoa helmugaratzen eta denbora bikaina egin du usurbildarrak. Aspaldian erlojuaren kontrako saioetan ez dut ikusi hain ondo eta sailkapen probisionalean 10. sailkatzea lortu du Millarrengandik 46 segundora.

Dagoeneko Valverde, Evans eta Bassok zer egingo zutenaren zain ginen. Lehen mugarrian murtziarrak 20 segundo galtzen zituen, 10 australiarrak eta 29 italiarrak. Bigarren mugarrian 23, 23 eta 49 ziren hurrenez hurren. Gaizki, beraz, italiarra. Helmugan azkenean, 33, 30 eta 1’11”. Evansen denbora ez da espero bezain ona izan kontutan izanda bera erlojuaren kontra espezialista dela. Valverde ohiko moduan, eta Basso espero baino askoz okerrago.

Faborito nagusien atzetik, Kiriyenka eta David Herrero bilbotarrak egindako denborak benetan aipagarriak. Errusiarra 14 Millarrek baino 14 segundo gehiago besterik ez ditu behar izan eta bilbotarrak 10 besterik ez. Ikaragarria David Herrerok egindako erlojuaren kontrako saioa eta ondorioz sailkapen nagusian 3. postuan aurkitzen da.

Cancellarak lehen mugarrian ez du denborarik onena egin, baina kilometroak aurrera zihoazen heinean, abiadura handitzen joan da. Esan bezala azkenean helmugan lehen postuan sailkatu da eta Millarri 30 segundo jan dizkio.

Aipatzekoa Bennati eta Boonek egin duten saioa. Bennatik lehen mugarrian denborarik onena egin du Millarrena 4 segundoz hobetuz. Ez genuen espero erritmo horri eusteko gai izango zenik. Ezin jakingo dugu hori zehazki, izan ere zulatua izan du italiarrak eta azkenean Cancellararengandik 1’12”ra sailkatu da. Antzeko zerbait izan da Booneni gertatutakoa eta azkenean 1’02”ko denbora egin du. Denbora bikain honi esker sailkapen nagusiko bigarren postuari eusten dio.

Honenbestez esan Cancellarak ez duela areriorik. Biharko etapan liderraren maillota eramango du baina etzi ez. Vueltan egin behar zituen lan guztiak, beraz, egin dutela dirudi eta ez harritu laster erretiratzen bada. Ez dio axola, bere espezialitatean onena dela erakutsi baitigu berriro ere.

Faborito nagusiei dagokienez, Samuel Sanchezek egin du gaurko saiorik onena eta Bassok txarrena. Sailkapen nagusiari begirada bat ematen badiogu, faboritoetan lehena Evans dela ikusten dugu eta atzeratuena Basso australiarrarengandik 40 segundora. Beste faboritoei begiratuta, berriz, atzeratuena Mosquera dugu 1’40”ra. Ahaztu gabe beharbada kontutan hartu beharko genuke Kiriyenka mendian ondo moldatzen den txirrindularia baita. Hau 5. aurkitzen da sailkapenean, Evansen aurretik 4 segundo gutxiagoz.

Euskaldunetan esperantza pizten dizkiguten bi txirrindulari aipatu nahi nituzke. Alde batetik David Herrero. Gaur egin duen erlojupeko bikainaren ostean sailkapen nagusian 3. postuan baitago. Ez dakit bihartik aurrerako lanetan nola moldatuko den, baina oraingoz bikain dabil. Bestea Haimar Zubeldia dugu. Horner-ek lasterketa utzi ostean eta Vinokourov %100ean ez dagoela ikusita, Astana taldearen lider bihurtu daiteke usurbildarra bere mendiko ezaugarriak kontutan hartzen baditugu. Hala ere kazakhstandarraren baimena beharko du, baina seguru aurrealdean ikusiko dugula.

Bihartik aurrera benetako lasterketa hasiko da. Aitana gainak lehen filtro lana egingo du. Gaurko erlojuaren kontrako saioak sailkapena pixka bat nahastu badu ere (batez ere esprinterrak lehen postuetatik atzeratuz), biharkoan lehen hamabost postuetan beharko du izan Vuelta irabazi nahi duenak. Adi izango gara, zalantzarik ez.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.