Eutsi filmaren grabaziora joateko autobusa. Izena emateko azken egunak.

Uztailaren 12ko grabaketarako 150 estra behar dira, errepide ertzean Tourreko zaleen papera egingo dutenak. Autobusa antolatu da.

Eutsi filmaren grabaketa irudiaEutsi izeneko euskarazko hirugarren film luzea grabatzeko lanak ekainaren 19an abiatu zituen Alberto. J. Gorritiberea zuzendariak Oarsoaldean, Baleuko eta Irusoin produkzio etxeek bultzatuta. Proiektua Aupa Etxebeste eta Kutsidazu bidea, Ixabel ondoren dator eta ETBren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. Pelikulak euskal gizartearen kezka eta arazoak azaleratuko ditu.
Unai Iturriagak idatzi du umore puntua duen drama sozial honen gidoia, Gorritiberaren laguntzarekin. Protagonista nagusiak Anjel Alkain eta Asier Hormaza aktoreak dira, besteak beste Sorginen Laratza eta Wazemank telebista saioetan ezagun egin direnak. Txirrindularitzarekiko grina duten bi gazte dira hauek. 30 urtetik gora dute jada eta lanean egoera zaila dute, bi urte baitaramatzate greban. Egoera horri aurre egiteko, Frantziako Tourrean protesta ekintza bat egitea bururatuko zaie. Buru-belarri jarriko dira zeregin horretan, baina neskatila gazte batekin (Oihana Martikorena) egingo dute topo. Ondorioz, bi gazteen arazoak eta beldurrak begi-bistan geldituko dira.

Eutsi filmaren beste grabaketa irudi bat
“Txirrindulari zaletuak” behar dira

Donostian eta Oarsoaldean grabatuko dituzte eszena gehienak, baina Pirineoei dagozkienak grabatzera Lizarragako portura joango dira. Lizarragatik gorago dagoen bihurgune batean eszena batzuk grabatuko dituzte, filmean Frantziako Tourra dena bertatik pasatuko baita. Astelehenean, uztailaren 3an, eta asteartean, uztailaren 4an, gauez grabatu dute (Tourra pasatzeko bezperatan egiten diren festak antzeztuz); uztailaren 11n, hurrengo asteartean, egunez (Tourra pasa aurretik pertsonaiak hoteletik errepidera doaz); eta uztailaren 12an, hurrengo asteazkenean, egun guztian.

Hain zuzen ere produktorak uztailaren 12ko grabaziorako 150 estra behar ditu, errepide alboan egongo direnak, txirrindulari zaleen papera eginen dutenak. Izan ere Tourra pasatzen ari den momentua grabatuko baita Lizarragako portuan. Goizeko 9:00etatik iluntzera izango da grabazioa. Produktorak bazkaria eta edaria eskainiko die estra guztiei. Zinearen mundua gertutik ezagutu nahi dutenendako aukera bikaina da hau.

Tropelaren autobusa

Tropela Elkarteak esku bat bota nahi die estrak lortzen eta horretarako, bertara joan nahi dutenentzat autobus bat osatzeko zerrenda ireki du. Autobusa nondik irtengo den, apuntatzen den jendearen baitakoa izango da. Filmean parte hartu nahi dutenek ondoko emailean eman beharko dute izena: [email protected]. Mezu bat bidali zuen izen-abizenak, telefono zenbaki bat, herria eta zenbat joango zareten adieraziz eta ondoren gu jarriko gara zuekin harremanetan autobusaren ibilbidea adieraziz. Autobuserako izena emateko epea astelehenean bertan itxiko dugu. Grabazioaren egunean bertan normal jantzita, txirrindulariz jantzita edo euren taldeen kamisetekin jantzita agertu daitezke estrak. (tropela.eus kamisetarekin joatea onena!!)

Egun horietan eguraldiak ez badu laguntzen errodaje planek aldaketak izan ditzakete. Horrela gertatuz gero horren berri zuzenean emango die produktorak estra guztiei.

Animatu guztiok ondo pasako dugu eta!!