“Ingurukoek” Contador errugabe izango dela agindu dute

Ez lehen txostenak ez eta bigarrenak (nire aburuz azken hau) ez dute errugabe jo Contador, inguruko medio edo pertsonai boteretsuek baizik. Hala da jaun andreok sinistu ala ez.

Isil isilik zen Pintoko txirrindularia Mallorcako Palma Arenan bere entrenamendu saioak egiten aurtengo urtean errepidean lehiatzen aritzeko asmoari jarraituz. Orduan jakin genuen Espainiako Txirrindulari Federazioak urtebeteko zigor proposamena egiten ziola. Denok ondo dakizue ohiko kasuetan 2 urteko zigorra dela debekatutako sustantzia bat organismoan aurkitu ezkero, baina Contodorri zigorra jaistea erabaki zuten txirrindularitza arduradunek Alessandro Colò ren kasua aintzat hartuta. Ez dakizuenontzat, txirrindulari italiar honek Mexikoko Tourrean positibo eman zuen, baina bere errugabetasuna defendatzeko Mexikon izan diren klenbuterol kutsadura kasuetan oinarritu ziren. Mexikoko intoxikatutako haragia janda kutsatu zela argudiatuta, sustantzia kontsumitzeko intentziorik gabe jokatu zuela ebatzi eta zigorra 2 urtetik urtebetera jaitsi zioten.

10 egun zituen helegitea jartzeko Contadorrek. Bi frente erabili ditu, ordea, Pintokoak denbora tarte honetan: alde batetik bere abokatuak txostenak prestatzen eta bestetik bera telebistaz telebista eta irratiz irrati.

Nire aburuz, eta hori izenburuaren arrazoia, bigarren frenteari aterako dio etekina Contadorrek: hedabideak erabiltzeari. Azken asteburu onetan urrutirago joan dira gauzak eta Zapatero, Rajoi eta Audientzia Nazionaleko presidente den Ánjel Juanesek (hauek bai izen potoloak) Contadorren aldeko adierazpen publiko eta sendoak egin dituzte. Hain sendoak ze “zigortzeko arrazoi juridikorik ez dagoela” eta “errugabe presuntzioaren kontrako araudia” dela esan baitute WADA eta UCIk darabiltena. Sinesgaitzak adierazpenok!

Hau ikusita, zer esango dute bat Espainiako Txirrindulari Federazioko kideek? Ba errugabea dela eta ezin dela zigortu azken ordu hauetan filtratu den bezala. “Ingurukoek” esan dute errugabe dela, ez laborategi edo araudiek.

“Spain is different”. Hori etorri zait burura azken filtrazioak entzunda. Federazioak egindako lehen proposamenetik azken honetan aurkeztutako defentsan Gasqueten muxuaren kasuari erreferentzia eta errugabetasuna ziurtatzeko errekuperatu ezin duten azpizuna erabili dute. Argudio hauek nahikoa izan al dira Federazioak urtebeteko zigor proposamena albo batera uzteko? Hala “ingurukoen” eraginak behartua izan da?

Kontuak kontu, zigorrik ezarriko ez diotela ikusita, esan 2011ko denboraldi berri honi ekiteko Contador Algarveko Tourrean lehiatzeko moduan izango dela.

Argazkia: cyclingnews.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.