Ziklo-krosaren katea, berriz ere bueltaka

Urteroko legez, larunbat honetan jokatu den Lonbardiako Giroak eman dio amaiera errepideko denboraldi nagusiari (artean Japongo Kopa geratuko da, eta beste lasterketaren ere, bigarren mailakoa nolanahi ere), eta horrekin batera ziklokros-ak bere ateak parez-pare irekiko dizkigu. Gilbert-ek Italiako iparraldean eginikoak beste baterako utzi eta neguko espezialitateari gainbegiratua emango diogu honenbestez.

Berez denboraldia hasia da; dena den, sailkapenei dagokienez lehiaketarik garrantzitsuenak igandean izango du bere aurreneko zita, Aigle (Suitza)-ko Munduko Kopako probarekin.

Aurtengoa gainera gertutik jarraitzeko arrazoi askorekin datorkigu. Batetik, nola ez, espezialitateko izenik handienak beste behin aurrez-aurre ikusteko aukera izango dugulako. Zentzu honetan berrikuntza gutxi aipa daitezke aldez aurretik. Zdenek Stybar munduko txapelduna iaz hasitako agintaldiari jarraipena ematen ahaleginduko da, aurkari zuzen modura Sven Nys eta Niels Albert flandestarrak izango dituelarik. Baal-eko txapeldun handia pixkanaka gainbehera etortzen hasia bada ere, oraindik klaserik handiena duen espezialista dela baliatzen ahaleginduko da. BKCP – Powerplus-eko gazteak berriz iazko bigarren zatian izandako arazoak gainditu, egindako akatsak zuzendu eta urte horretako hastapenetan erakutsitako agintea berreskuratzea izango du jomuga. Honenbestez, hiru txirrindulari hauen artean ikuskizuna ia ziurtaturik dagoela esan daiteke, bigarren mailako erakargarri bereziekin beti ere: flandestarren tronua txekiar baten mehatxupean, Nys-Albert binomioan zeinek lurraldea poltsikoratuko, belaunaldien arteko lehia, etab. Europako lurralde txiki horren kirol egunerokotasuna asetzeko adina motibo bai behintzat.

Eta Lars Boom, zer? Bada, herbeherear erraldoiak aurtengo sasoian iazkoan baino ziklo-kros proba gehiagotan parte hartzeko asmoa azaldu du, baina burua %100-ean errepidean daukala ezkutatu gabe. Horren argigarri nagusia, aurten Alemaniako St-Welden herrian izango den munduko txapelketan ez izatearen erabakia.

Aurrez aipatutako hiru erraldoi horien ostean, eta Boom oso noizean behin ikusiko dugula jakinik, beste zenbait izen azaltzen zaizkigu. Eta hein batean, urtea ezusteko txikiekin hasi zaigu. Iaz Albert-ek denboraldia gupidagabeki hasi bazuen, aurtengoan ez da halakorik gertatu, Stybarrek irabazi bai, baina gauzak estuago izan baititu. Orain bi aste Namurren jokatutako GvA txapelketako aurreneko lasterketan Klaas Vantornout azkeneko itzulirarte parean izan zuen. Joan zen igandean berriz, Rudervoorden Superprestigioari emandako hasieran, Bart Aernouts adoretsua oso lehiakor azaldu zitzaigun, azkenean txekiarraren nagusitasuna onartu besterik izan ez bazuen ere. Horrexegatik, urteko aurreneko probetan ezusteko txikiren bat edo beste ikusteko aukera egon daiteke. Maila horretan iazko gaixotasuna ahazturik duen Bart Wellens handia egongo da, betiko Kevin Pauwels eta Sven Vanthourenhout-ekin batera. Multzo honetan beste nobedade bat Tom Meeusen gazte dohatsuaren nondik norakoa ikustea izango da, iazkoan 23-z azpikoen urtean guztien buru zela erakutsi ostean. Teknika handiko txirrindularia, gorengo mailan egingo duen aurreneko urtean asko espero da bere aldetik. De Knegt, Mourey, Franzoi, Simunek, Dieter Vanthourenhout (igandean Aigle-n izango da, Meeusen bera kanpoan utziz), Chainel (argi egun errepidea eta ziko krosa hobekien ustartzen dituen frantziar honekin), Bina, Page, Heule, Walsleben (Hoogerheiden gazteen munduko txapelketa eskuratu zuen alemaniarrak aurrerapausorik ematen duen ere ikustekoa izango da),… Azken urteotako izen antzekotsuak, bakoitza bere aukerekin.

Eta azkeneko gizon horiekin nolabaiteko lotura ezarriz, euskaldunen partaidetza aipatu behar da. Izan ere, bereizgarri gisa, aurten Munduko Kopa ia bere osotasunean lehiatuko duen taldean izango baita gureetako bat, Egoitz Murgoitio hain zuzen. Abadinotarrak urrats bat aurrera emateko intentzio osoa erakutsi du, eta Hirumet taldeko buru delarik, nazioartean inoiz baino proba gehiago lehiatuko dituela iragarri du, eta esan bezala, Munduko Kopa horien artean. Munduko onenen artean bere lekutxoa egitea du helburu, bere esanen arabera 15-18 onenen artean kokatzea. Hori dela eta aurrez aipatutako gizon horiekiko zeharkako erlazioa. Oinak lurrean (kasu honetan lokatzetan) izatea komenigarria izaten da alabaina, eta kasu honetan 20 espezialistarik onenen artean izatea ahuntzaren gauerdiko eztula ez dela argi izan behar da. Lehiakortasuna handia da horren ezaguna ez den jendearen artean ere, eta bestalde Munduko Kopako probek, oro har, gure orografian aurki daitekeenarekin alderatuz zirkuitu teknikoago eta batez ere azkarragoak aurkezten dituzte. Guzti hori bere azaletan baieztatzeko aukera izan du iragan asteotan, besteak beste Namurren jokatutako GvA proban bertan izan baitzen Murgoitio. Han 24. postuan sailkatu zen, Verstraeten, Van Amerongen edo Zlamalik bezalako txirrindulariak atzetik zituela. Bada zerbait. Nolanahi ere, ilusioz ikusteko moduko ekimena Hirumet taldeak aurrera eramango duena, eta geuretzako espezialitate zoragarri honen nazioarteko lasterketak jarraitzeko beste arrazoi bat.

Urte berezia norbaitentzat izango bada, ordea, David Seco-rentzat izango da. Busturiarrak aurtengo denboraldian esango dio agur hainbesteko ospea eman dion espezialitateari. Pozez beteriko kirol jarduera baten ostean, tartean saminen bat edo beste ere izan duena, hunkigarria izango zaion programa prestatu du, berak aukeraturiko plaza bakoitzari behar den bezala agur esan nahi baitio. Bere urte onenak pasa zirela jakinik, ezin esan datorren urtetik aurrera bere emaitzak faltan botako direnik, orain urte batzuk izandako mailak itzal luzea utzi baitu dagoeneko, eta oraindik-orain hala izaten jarraitzen du.

Eta ezin aipatu gabe utzi azkeneko urteotan euskal zein espainiar zirkuitoetan busturiarraren lekua betez etorri den Javier Ruiz de Larrinaga. Mundu mailako onenekin orpoz-orpo jarduteko aukera izan duen bakoitzean maila apal xamarra eman badu ere, gainerakoan erreferente handia dugu, eta denboraldiko aurreneko bi probetan garaipena erdietsi izanak halaxe izaten jarrai dezakeela pentsarazten du. Pozgarria litzateke dena den amezagarrak bere zale fidelei nazioarteko emaitza onen bat eskaintzerik izango balu. Beste arabar batek, Unai Yus gasteiztarrak hain zuzen, aurten ere lokatzetan zipriztinduta jarraitzeko asmoa du, eta azkeneko denboralditan eman izan duen maila kontuan harturik, aipatua izatea behintzat merezi du.

Kontuak kontu, asfaltoaren amaierarekin batera txirrindularitzaz gozatzeko aukerak bere horretan darrai, neguko espezialitate klasikoa dela medio. Ikuskizun honetara hurbiltzen denari ez zaio berehalakoan damutuko.