Tourmalet (Pirinioak eta IV)

col_du_tourmaletPirinioei buruzko saila amaitutzat emateko, Tourmalet. Ez da Tourrean igo den mendaterik gogorrena, baina bai mitikoena, eta Euskal Herriko zale gehien hartu ohi dituena. Mendate honek ere badu bere historia txikia.

Goustave Garrigou ez zen izan 1910ean lehen postuan igaro zena Tourmaleteko gainetik, baina bai izan zen hanka lurrean jarri gabe mendate osoa igotzen lehena.

Tourmaleten 1913an gertatutakoa txirrindularitzari buruzko liburu askotan jasota dago. Merezimendu osoz, gainera. Eugene Christophe frantziarrak matxura izan zuen Tourmaleta jaisten, eta sutegi batera jo behar izan zuen bizikleta konpontzeko. Bere kabuz konpondu beste erremediorik ez zuen, eta lau ordu galdu zituen! Hala ere, konponketa lanak egin eta Aspin eta Peyresourde mendateak gainditu zituen Christophe egoskorrak. Pasadizo hura 1951n ekarri zuten gogora, antzezpen eta guzti.

Ezin aipatu gabe utzi Jean Robic ttikia. Txitxonera eramaten lehenetakoa izan zen; istripu baten ondorioz eramaten zuen beti, eta 1947an balentria egin zuen; Pirinioetako etapa nagusian mendate guztiak igaro zituen lasterketaren buruan.

Baina balentriez ari garela, 1969an handia egin zuen gero Eddy Merckxek. Etapa abiatu eta kilometro gutxira hanka egin zuen. Aubisque eta baita Tourmaleta gainditu zituzten txirrindulariek egun hartan, eta Merckxek zortzi minutu atera zizkion helmugan bigarrenari, Michelle Dancelliri, eta ordu laurdena hirugarrenari, Jan Jansseni!

Federico Martin Bahamontes igotzaile espainiarrak ere aipamentxoa merezi du, Toledoko arranoa lautan pasatu zen Tourmalet tropelaren buruan.

Euskal txirrindulariek ere letra larriz idatzi dute beren izenak mendate honetan. Peio Ruiz Cabestanyk buruan igaro zuen 1985ean; Perico Delgadoren mesedetan lan egitea egokitu zitzaion donostiarrari, eta azkenean Segoviako igotzaileak eskuratu zuen etapa hura, Luz Ardidenen.
Miguel Indurainek ez zuen buruan igaro mendatea 1991n, baina jaitsieran erasoa jo eta bakar-bakarrik joan zen. Chiapucci elkartuko zitzaion Atarrabiako txirrindulariari behera iritsita. Egun hartan, Val Louronen lehenengoz jantzi zuen Indurainek mailot horia. Tourra irabazi zuen urte hartan. Baita ondorengo lau urteetan ere.