Eta orain Igor Astarloa

Igor AstarloaOrain hiru aste inguru Patxi Vilaren positiboaz hitz egin beharrean aurkitu ginen. Ez dakigu Irundarraren auzia zertan den, baina bitartean, gaur Igor Astarloak “ez ohiko balioak” eman omen zituen analisi batzutan. Ondorioz, Milram taldetik kanporatua izan da.

Aurtengo Giroa korritzeko asmotan zen, baina beherakoak jota zegoela eta, lasterketa albo batera utzi zuen munduko txapeldun ohiak. Gaur dakigunez, badirudi analisi hauen emaitzen berri zuela ordurako Milram taldeak eta hori izan zela Giroan parte ez hartzeko benetako arrazoia.

Kontuak kontu, munduko txapeldun ohia, ustez dopatu denaren emaitzak izan direlakoan, Milramek taldetik baztertu eta ofizial egin du erabakia. Orain auzia abokatuen eskuetan jarri dute.

Mayo, Vila, … eta orain Astarloa. Kasu bakoitzak bere berezitasunekin, baina guztiek eztabaidara garamatzanak. Zer eta zeini sinistu behar diogu?

Argazkia: www.diegoweb.net

Patxi Vilak ustez positibo eman du

Martxoaren 3an egindako sorpresazko azterketa baten ondorio izan da. Ez inongo lasterketatan izan, etxean bertan baizik.

Dirudienez tarte txikia medio izan da, baina konfirmatzen bada Vilak bizikleta uzteko erabakia hartuko duela dirudi 32 urte baititu txirrindulariak.

Ondorio zuzena Giroan parte hartu gabe geratuko dela da. Kontraanalisiak eskatuak omen ditu, baina beti bezala, berandutu egingo dira eta auskalo noiz jakingo ditugun emaitzak.

Romandiako lasterketan ihesaldi bati esker mendiko sailkapenean lider zen, baina etxerako bidea hartu zuen. Hona hemen arrazoia.

Espero dut positibo hau ez konfirmatzea eta nere animoak Patxiri.

2008ko Giroa eztabaidagai

Astebete eskas falta da aurtengo Giroa hasteko. Noski, Tropelean ere Giroaren inguruko lehiaketa izango dugu. Oraindik ezin da kinielarik egin, baina adi ibili laister izango baita posible.

21 etapatako lasterketa izango da, hauetatik lau erlojupekoak izango dira, hiru bakarkakoak eta bat taldekakoa. Lasterketa hasi eta bukatu erlojupekoekin egingo da, Palermon jokatuko dena eta Cesano Maderno – Milan azkena. Mendi etapak astebukaeratan izango dira gure zorionerako. Hauetatik galdu ezin dena Marmoladara egingo den igoera izango da, maiatzaren 25ean jokatuko dena. Nik jada hori gorriz markatua dut egutegian!

Ez dakit zeintzuk izan daitezkeen aurtengorako faborito, baina Ricco, Simoni, Soler, Di Luca eta Cunego aurrealdean ikusiko ditugulakoan nago. Seguraski izen gehiago ere gehitu beharko nituzke, baina oraindik goizo xamar dela deritzot.

Euskaldunei dagokionez Juanma Garate eta Patxi Vila izango dira seguraski gure ordezkaririk nabarmenenak orain arte erakutsi diguten bezala. Gainera atzoko Romandiako etapan Vila sasoiko dagoela erakutsi zuen. Euskaltel-Euskadi taldeari dagokionez, nire iritziz nahiko talde apal xamarrarekin hartuko du parte.

Ia hurrengo egunetaz berri gehiago ditugun eta iritzi osatuagoak emateko gai garen.