Cancellara motoen pare

Cancellara. Vueltako 1. etapan garaipenaBai, egia da. Beharbada gehiegizko konparazioa izan da, baina suitzarrak 4,8 km-tako motoak aritzen diren zirkuituan azkarrena bera dela erakutsi du 54km/h bataz-besteko abiadurarekin. Motoen zirkuituan bihurguneak ere etzan-etzan eginda eman ditu. Zalantzarik gabe erlojuaren aurkako espezialista bikaina da Cancellara eta gaur ere hala erakutsi du.

Bazirudien protagonista euriak izan behar zuela. Erlojupekoa 15:30ak inguruan hasi da eta lehen irten direnei lur lehorra egokitu zaie eta horien artean denborarik onena markatzen Kreuziger izan da 5’37”ko markarekin.

Euria hasi du eta lurzorua asko busti da eta TVEkoek transmisioari ekin diotenean nabarmen ikusten zen txirrindulariak ez zeudela arriskatzeko. Horren adibide Barredok irteerako maldan izan duen erorikoa. Hala ere, faborito nagusiak irten aurretik, eguraldiak hobera egin du eta lasterketarako prestatutako zirkuitua izaki, azkar lehortu da beranduago irten diren txirrindularien mesedetan.

Lur lehor horretaz aprobetxatzen lehena Mouris izan da. Vacansoleil taldeko txirrindulariak ezustekoa eman eta 3 segundoz hobetu du txekiarraren marka. Kontuan hartzekoa lehen etapa honetan Vacansoleil taldeko kideak egin duena, izan ere taldea holandarra Vueltak gonbidatutakoa baita. Hasiera ona hauentzat.

Eguraldia hobera zioan eta faboritoak zirkuituari ekiten hasi dira. Erlojupeko laburra izanik begik esprinterretan jarriak nituen, hauek gaitasuna baitute denbora gutxian esfortzu handiak egiteko. Horren adibide Bennati izan da, Mouris eta Kreuzigerren artean sailkatu baita. Beranduago zen, ordea, Boonen flandestarra lanak bukatzekoa eta bikain aritu da Quick Step-ekoa. Denborarik onena markatzera iritsi da, 5’29”. Ez nuen uste Boonen hain ondo ibiliko zenik, baina gaurko etapari gogotsu ekin dio zalantzarik gabe.

Farrar zen hurrengoa iristen. Estatu Batuarrak garaipen aunitz eskuratu ditu azken egunetan eta oso motibatuta zetorren. Bere helburuetako bat gaur urre koloreko maillota janztea zen, baina Boonengandik 3 segundora helmugaratu da. Sailkapen nagusikok txirrindulariek denbora onak egin dituzte, baina ez etapa irabazteko modukoak espero zen bezala. Aipatutako txirrindulariak helmugaratuak zirela, Cancellara jotzen zen denbora hobetzeko hautagai.

Esan bezala, kilometro gutxiko erlojuaren kontrako lana izaki, garaipena esprinterren artean izango zela uste handiagoa nuen Cancellara berarengan baino. Baina argi dago oker nintzela. Cancellarak izugarrizko erlojupekoa egin eta 9 segundotan hobetu du Boonenen denbora. Merezimendu osoz beretzat etapa garaipena eta lasterketako lidergoa.

Sailkapen nagusiko faboritoei dagokienez, gaurkoa trantsizio egun bat besterik ez da izan eta postuetan alde handiak egon badaitezke ere, denborei dagokienez tarteak ez dira nabarmenak. Beraz, esan daiteke, aurrerago ala atzerago, guztiak espero bezala aritu direla. Hori bai, nabarmentzekoa Liquigasek emandako erakustaldia, lehen 10 postuetan lau txirrindulari sailkatu baitira.

Euskaldunei dagokionez, Imanol Erviti, David Herrero eta Markel Irizarren lanak gogoratu nahiko nituzke, 16, 17 eta 23. postuetan sailkatu baitira.