Tropela Euskarabilduan izango da

Irailean jardunaldi baterako Tropelaren inguruan bideo bat grabatu nahi zutela esan ziguten. Jardunaldi hau ostiral honetan izango da, urriaren 19an, Donostian, Koldo Mitxelenan. Guk, nola ez, baiezkoa eman genien eta bideoa grabatu ere grabatu genuen Amaia eta Olaia kazetariekin. Guk berriki ikusi dugu eta txukun geratu delakoan gaude.

Jardunaldia Iametza Interaktiboak, Argiak eta Ametzagaiñak sustatua dira. Helburua euskara eta teknologia berrien arteko erreferentzia bat izatea da beraien Euskarabildua.com webgunean azaltzen duten moduan.

Ez da lehen aldia Tropela euskara eta teknologiaren inguruan hizpide izaten dela. 2009an “euskara sustatzen duen webgune onena”ren Buber saria jaso genuen eta 2010ean hizkuntza gutxituen biltzar batean izan ginen gure proiektua azaltzen.

Asko pozten gaitu horrelako ekitaldietan gure proiektua aintzat hartzeak. Eta hein handi batean meritua guztiona delakoan gaude, bai gurea eta baita erabiltzaile guztiona ere.

Bideoa eskuragarri izaten badugu izan seguru hemen izango duzuela ikusgai.