Aldaketarik ezean, 31 lehiaketa izango ditugu Tropelaren 19. denboraldia izango den honetan. Espero dugu jada pandemia kontuak gaindituta, txirrindularitzaz lasai gozatzeko aukera izango dugula.

Strade Bianche Italiako klasikoarekin ekingo diogu denboraldiari, martxoaren 4ean, emakumezko zein gizonezkoen lasterketekin. Hau da, kinielak presatzen otsailaren amaiera aldera hasiko gara. Dakizuen moduan atseden gutxi izango dugu martxoa eta apirilean, itzuli txikiez gain (Paris-Niza, Tirreno-Adriatikoa, Volta, Itzulia eta Romandia), udaberriko klasikoak pilatzen baitzaizkigu (aipatutako Strade Bianche, Milan-Sanremo, Flandriako Hirukoak, Paris-Roubaix eta Ardenetako Hirukoak).

Maiatzean izango dugu lehen hitzordu garrantzitsua: Italiako Giroa. Aldi berean emakumeek ere lekua izango dute gurean eta Emakumeen Vuelta, Emakumeen Nafarroako Women’s Elite Classic, Emakumeen Itzulia eta Durango-Durango Emakumeen Saria izango ditugu puntuak biltzen jarraitzeko.

Ekainean jada gizonezkoen Frantziako Tourrean pentsatzen izango gara, urteko lehiaketarik garrantzitsuenean. Hare eta gehiago aurten Bilbotik abiatuko baita hiru etapa gure errepideetan jokatuko direlarik. Aurretik, prestatakuntza doitze bidean, Dauphine Kriteriuma eta Suitzako Tourra izango ditugu hautagaiak nola diren ikusteko parada emango digutenak. Emakumeek ere Emakumeen Suitzako Tourra izango dute Emakumeen Giroaren aurretik gure lehiaketen artean.

Frantziako Tourreko garailea Pariseko errepideetan izango den egun berean ekingo diote emakumeen beraien Emakumeen Tourrari uztaila amaieran. Amaitu aurreko egunean izango dugu Donostiako Klasikoa, gizonezkoena, emakumezkoena jada bertan behera utzia izan baitzen.

Aurtengo egutegiko aldaketarik nabarmenena Munduko Txapelketak abuztua hasieran jokatuko direla da. Eskozian izango dira. Adi, beraz, abuztuan puntuak biltzen jarraitu nahi duzuenok.

Abuztua erdialdean abiatuko da gizonezkoen Espainiako Vuelta ohi moduan Bartzelonatik. Aldaketarik ez kasu honetan, baina bai emakumezkoen egutegian, Vueltaren amaierarekin batera, Emakumeen Romandiako Tourra izango baitugu estreinekoz.

Hutsune bat izango dugu bi lasterkea hauek amaitzen diren egunetik urriko lehen larunbatean jokatuko den Lombardia klasiko handia iritsi artean. Ezin ba monumenturik Tropelako egutegitik kanpo utzi!

Horrenbestez, emakumezkoen 10 lehiaketa izango ditugu eta gizonezkoenak 18. Dakizuen moduan, 5 bildumatan banatzen ditugu lehiaketa hauek guztiak: Itzuli Handiak, Itzuli Txikiak, Klasikoak, Emakumezkoak eta EH Kopa.

Espero dugu gustuko izatea aurtengo lehiaketen hautaketa. Zorte on guztioi!