Atsegin dut

Wiggins, Londresko garaipena ospatzen

Urtea hasi da eta txirrindularitzaren gurpilak ez du etenik. Hamabi hilabete erakargarri ditugu aurretik bi gurpildun kirolarentzat. Hamaika  notizia eta ekitaldi ikusgarriz betea izango da.

Lokatzak dauka aste hauetan foku mediatikoak gainean. Enekok ekarri zizkigun nazioartean eta gertu gertatzen ari diren gorabeherez. Errepideko txirrindularitzak aldiz ematen ari da bere lehen berriak. Urteko zita garrantzitsuenak urrun egon arren oraindik Britainia Handitik datorkigu notizia: Wiggins-ek Skyrekin duen erlazioa bertan behera utziko du Paris-Roubaix lasterketa gauzatu ostean eta pistan zentratuko da Rio 2016ko Joko Olinpikoetan dominaren bat lortzeko. Hori gutxi balitz txirrindulari talde bat sortu du eta Mallorcako Challengean lehiatuko da lehen aldiz “Wiggins” taldea.

Sky eta bere ingurua beti izan da erakargarria afizioarentzat. Txirrindularitza profesionalean sartu zirenetik metodo berritzaileak erabiliz eta irudiari sekulako garrantzia emanez tradizio handiak zituen mundu bat harrituta utzi zuen. Eta emaitzak hor daude: 2012 eta 2013an Frantziako Tourrak, podiuma zapalduta baita ere Vueltan, olinpiar dominak… Eta guztia errepideko txirrindularitzan tradiziorik ez zuen herrialde bateko biztanleekin.

Gainera 2012 eta 2013 urte horietan nagusitasun handiz aritu ziren parte hartu zuten lasterketa askoetan. Orain Sky hitza faborito hitzaren alboan jartzen da kiniela guztietan. 2014a urterik onena ez izan arren, 2015ean zeresan handia emango dute.

Eta hasierako urte haietan Wiggins-ek hartu zuen protagonismo nagusia. Harrituta utzi gintuen txirrindulari hark 2012an Parisen maillot horiarekin jantzi zenean. Bere erregetza aurreko hilabeteetan denbora luzez bizi izan genuen. Ondoren Londreseko Joko Olinpikoetan erlojuz kontrako bakarkako proban urrezko domina lortu zuen.

Eta ze nolako buruhausteak sortu dituen harrezkero? Zenbat duda izan genuen Wiggins aukeratu edo ez Giroko 2013ko kinielan! Pentsatuz askok 2012ko Tourrarren garaileak buruan zuela urte hartako maillot horia eta ez arrosa. Eta ziurgabetasun hori ederra izaten da, edo ez? Edo zenbatek gozatu genuen 2014ean urte beltza izaten ari zena Skyrentzat, Tony Martin bezalako bati garaitu zionean Ponferradan? Eta ez ahaztu, alemaniarra munduko txapelduna izan zen azkeneko hiru urteetan.

Harrituta utzi gintuen Paris-Roubaix lasterketan lehen hamarren artean amaitzea lortu zuenean. Aspaldi ez genuen ikusten hiru asteetako itzuliko irabazle bat harbidearen klasikarengatik garaipenaren borrokan. Eta hor emango dio, momentuz, puntu amaiera bat 2015ean errepideko txirrindularitzari. Lortuko al du bere helburua? Itzela izango litzateke hainbeste eman dion txirrindulari batek herrialde bati Roubaix-eko belodromoan besoak altxatuta ikustea…

Argazkia: www.olympic.org

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.