Euskaltel ezer gabe geratu da

Ezer gabe baino, zor askorekin eta egoera tamalgarrian geratu dela esan beharko nuke. Izan ere iraila hasieran aurreakordioa sinatu zela jakin zenean gutxienez salmenta batez hitz egiten hasi ziren, eta ondorioz, diru sarrera batzuez, BPCT enpresak indarrean zituen kontratuei aurre egiten lagunduko zien diru sarrerez. Azkenean, ordea, hain ondo saltzen saiatu ziren berri hura bertan behera geratu da taldeak komunikatu ofizial bidez jakinarazi duen moduan.

Taldea galtzea gutxi bazen, orain taldea egoerarik txarrenean desagertuko da. Izan ere 3 urterako World Tour lizentzia izango dute poltsikoan, baina faltan orain dituzten zorra ordaintzeko sosak dituzte.

Ideiarik ere ez dut negoziaketen inguruan. Bere garaian esan nuen Fernando Alonsok talde laranja merke erosteko aukera izango zuela. Alde batetik ez lukeelako zerotik hasi behar eta 2014an Word Tour talde bat izango bailuke horrek suposatzen duen kostua kontutan izanda. Bestetik, berriz, Euskaltelen herioa ikusita, negoziaketetan indar gehiegirik gabe ikusten nuelako euskal taldea. Hau jakinda, pentsatu nahi dut Alonso eta bere taldeak ahalik eta gehien estutu duela BPCT – zertarako bestela horrenbeste abokatu eta aholkulari? -. Bestalde, BPCT-ek ahalik eta diru gehien edota irtenbiderik egokiena lortu nahiko zukeen bere langile, txirrindulari eta babesleentzat beraiekin dituzten kontratuak behartuta. Nork egin duen gehien tira? Hori ez dugula jakingo uste dut, baina galtzekoak etxeko taldeak zituela bistan zen hau guztia hasi aurretik, nire aburuz behintzat.

Aurreikuspenek huts egin dute proiektu honetan hasieratik eta ez dira gai izan gauzak ondo eramateko. Edo helburu handiegiak jarri ziren, edo kontu hau eraman duten jendea ez zegoen prest maila honetako kudeaketak eramateko, edo ez dakit zer arrazoi gehiago izan daitekeen, baina orain “etsipena” agertzeak ez dit balio. Gertakari hauek guztiek ez al dute arduradunik? “Horrela gertatu dira eta zer egingo diogu ba!” batekin bukatzen al da hau guztia?

Alonsok bere bidea egingo du. Txirrindulari talde profesional bat nahi badu sortuko du berri bat behar badu edo beste aukeraren bat bilatuko du. Ongi etorria izango da txirrindularitza mundura eta horrela hartu beharko genuke txirrindularitza zaleok. Gureari begiratuta, ordea, Tourrean Euskaltelek etorkizuna zalantzan jarri zuenetik bertako talde bat galdua genuen.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.