Marrazoa, itsaso zabalean

Lortuko al du Nibalik Espainiako Vueltan nagusitzea? Hori da neure buruari egiten diodan galdera nagusia itzuliaren atarikoan. Zergatik? Bada garaipena lortuz gero, azken 20 urteetan soilik hiru txirrindularik egin dutena berdinduko lukeelako: denboraldi berean bi itzuli handitan gailentzea. Miguel Indurainek (1993), Pantanik (1998) eta Contadorrek (2008) erdietsi dute hori.

Ez dakiguna da, zehatz-mehatz, zer motibazio mailarekin ekingo dion Vueltari. Munduko Txapelketa Italian izango da, eta ez litzateke harritzekoa marrazoak ortzadar maillota etxean jantzi nahi izatea. Munduko Txapelketari erabateko arreta eskaintzen ez badio, bera joko nuke nik faborito nagusitzat Vueltarako.

Nibali bere kirol ibilbidearen gailurrean dagoelakoan nago. Jaun eta jabe izan zen Giroan, eta sailkapen nagusia menperatzeaz gain, zenbait etapa irabazi zituen; bereziki gogoangarriak, kronoigoera eta Tre Cime di Lavaredoko etapa, elurra mara-mara ari zuela. Erlojuz kontra bikain aritu ez arren, ondo moldatzen da, eta igotzaile onenetakoa da, zalantzarik gabe.

Ez ahaztu, bestalde, ondo ezagutzen duela Vuelta. 2010ean itzulia irabazi zuen; Igor Antonek mendean zuen lasterketa, baina eroriko baten ondorioz etxera joan behar izan zuen eta Nibali gailendu zen. Horretaz gain, hurrengo urtean, Coboren urtean, zazpigarren bukatu zuen.

Sasoi batean ez zen horren arraroa; Coppik, Anquetilek, Merckxek edota Hinaultek irabazi zituzten urte berean hiru asteko bi itzuli. Haatik, azken hogei urteetan, soilik Miguel Indurainek (1993an Giroa eta Tourra), Pantanik (1998an Giroa eta Tourra) eta Contadorrek (2008an Giroa eta Vuelta) erdietsi dute. Nibalik erronka handia du parez-pare. Baina marrazoaz gain, beste arrain handi asko izango dira itsaso zabalean, kosk egiteko prest.