Sir Wigginsek 17 segundo galdu ditu

Nibali eta Wigginsen arteko lehia moduan planteatu da aurtengo Giroa – nire ustez Hesjedal ez da ahaztu behar, baina beno-. Lau etapa besterik ez dira jokatu eta segundoen dantza ikusten hasi gara.

Lehen rounda igandean jokatu zen erlojuaren kontrako saioa izan zen. Igandean balantza Wigginsen alde zen SKYk erlojuaren kontrako dituen abileziak tarteko. Ez zuen huts egin talde britainiarrak – BMC eta Garminek bai, nire ustez – eta etapa garaipena eraman zuten. Baina talde beltza gailendu bazen ere, Astana taldearen erlojuaren kontrako saio bikainaren ondorioz 14 segundo bakarrik galdu zituen Nibalik. Wigginsek lehen kolpe saiakera eta marrazoaren erantzun ona.

Gaur, berriz, inork gutxik espero moduan, 17 segundo galdu ditu britainiarrak. Erorketa batek azken kilometroan etena eragin du tropela nagusian, eta ohikoa ez bada ere, Wiggins atzean harrapatu du zatiketak – ikusi zenuten larunbateko etapa? Wiggins zirkuituaren azken kilometroetararte aurrean eraman zuten babestuta-. Saiatu da Ljungvist taldeko zuzendaria 17 segundotako atzerapen hori Wigginsi kentzen erorketa azken 3 kilometroetan izan dela argudiatuz, baina alferrik: epaileek erorketak Wigginsengan eraginik ez duela izan frogatu dute bere transponderrak emandako datuei begiratuta. Ljungvist Korta ez denez, ez da bestelako zalapartarik sortu eta bere horretan utzi dute auzia.

Bigarren round honetan Nibali garaile. Dagoeneko Wigginsen aurretik da, 3 segundo bakarrik bada ere. Honek italiarrari morala emango diolakoan nago. Ah! Eta nor dago sailkapen nagusian bi hauen artean? Bai, Hesjedal, iaz bezala, aurten ere faboritoen zerrendan (Tropelan izan ezik) agertzen ez den kanadarra.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.