Ikuskizuna eta notizia txarrak, egun berean

Tourrean, Giroan bezala – eta orokorrean kirolean bezala – ez dago gidoi batean idatzia zer gertatuko den. Gaur Samuel Sanchez-ek eman digu notizia txarrena, Pinot gazteak berriz askori jarri digu irrifarrea aurpegian.

Afizioa egiten duten etapa horietakoa bizi izan dugu gaurko Frantziako Tourreko 8. etapan, Belfort eta Porretruy arteko 157 kilometroak. Tartean 7 portu izan dituzte, horietako 4 bigarren mailakoak eta azkena lehen mailakoa. Eguneko ihesaldia harrapatzeko gerra baino gehiago egon da. Borroka horretan eguneko notiziarik txarrena gertatu da. Geldialdi batean Samuel Sanchez-ek eroriko gogorra izan du eta eskumuturra hautsita lasterketa utzi behar izan du. Ez dute zortea aldeko talde laranjakoek, etapa berean Gorka Verdugo ere etxerako bidea hartu du ezinean ibili baita hasieratik (baita ere ostiraleko ondorioen eraginez, eta gogoratzen badugu egun horretan Mikel Astarloza eta Amets Txurruka etxera joan ziren).

Etapan, esan bezala, hasieran zalaparta handia egon da eguneko ihesaldia nork harrapatu. 70 kilometro inguru behar izan dira tropelak baimena eman zezan aurrekoei alde egiteko. Txirrindularirik aurreratuena Kessiakoff izan da ia azken momentura arte baina 20 inguruko talde bat denbora gutxira zuena eta etapako perfila gorabeheratsua izanda harrapatze saiakerak egon dira. Pinot gaztea azken portuan lortu du hori, eta aurrea hartu dio.

Atzetik erritmoa asko estutu dute eta jazarpen proba bat balitz bezala bilakatu da etapako azken kilometroak. Suediarra harrapatu ahal izan dute tropeleko oilarrek baina gazte frantziarrarekin ezin izan dute bat egin eta azkenean ihesaldi saiakera bat iritsi da Frantziako Tour honetan portu onera.

Biharko etapak, bakarkako erlojuz kontrako 41 kilometro, gehiago argitzen lagunduko du sailkapen nagusiko borroka. Baina ordurarte (eta bitartean seguraski) nire buruan zenbait galdera daude ea erantzuna aurkitzen duten – ez da erraza…

  • Atzoko SKYkoen boterea eta gaurko etapa ikusi ostean… ez dut uste hain talde indartsua denik. Egia da gaurko etapako hasieran lan asko egin dutela baina…
  • Ez al dago argi batzuk ezin dutela lehiatu Frantziako Tourra irabazteko eta agian denboraldiko beste lasterketa batzuetan lehiatu beharko lukete beraien dohainei emaitza hobeagoak ateratzeko??? (Alejandro Valverde, Tony Martin, Robert Gesink… etortzen zaizkit burura).

Uste dut hauek eta beste galdera batzuk aurki Tropelako lagunek erantzun ahal izango dutela astearteko atseden eguna aprobetxatuz gauzatuko duten podcast berri batean…

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.