Emakumeak ere izango ditugu Tropelan

Aspaldidanik genbiltzan emakumezkoen probaren bat edo gure lehiaketen artean sartzeko asmotan. Guk hala nahi genuen eta askok ere hala eskatu diguzue. Gu orain arte ez ginen gai ikusten baina oraingoan pausua emateko prest gaude.

Lehen urratsa hurrengo larunbatean hasiko den Londreseko Olinpiar Jokoetan emango dugu. Orain arte Mundialetan egin ohi bezala, gizonezkoen errepideko eta erlojuaren kontrako lehiaketak sartuko ditugu eta horretaz gain emakumezkoenak ere bai. Beraz, aurtengo Londreseko Olinpiar Jokoetan 4 izango dira lehiaketa osatuko duten ekitaldiak:

Gizonezkoen errepideko lasterketa. Uztailaren 28an, 11:00etatik aurrera.

Emakumezkoen errepideko lasterketa. Uztailaren 29an, 13:00etatik aurrera.

Emakumezkoen erlojuaren kontrako saioa. Abuztuaren 1ean, 13:30etatik aurrera.

Gizonezkoen erlojuaren kontrako saioa. Abuztuaren 1ean, 15:15etatik aurrera.

Horrenbestez, kiniela egiterakoan gizonezkoen multzoez gain emakumezkoenak ere izango dira. Kiniela bakarra egin beharko da Londreseko Olinpiar Jokoetarako eta kiniela horretan bai gizonezkoak eta baita emakumezkoak ere aukeratu beharko dira.

Gogoratu lasterketa guzti hauek telebistaz jarraitzeko aukera izango dugula, bai gizonezkoen probak baita emakumezkoenak ere. Laguntzarik behar izatekotan aipatu Londreseko Olinpiar Jokoen aurretik podcast bat grabatuko dugula bai ibilbidea baita txirrindulariei errepasoa eginez bestetan egin ohi izan dugun moduan.

Hau izango da, beraz, lehen pausua eta hurrengo urtean pausu gehiago ematea espero dugu emakumezkoen txirrindularitza ere Tropelan izan dadin.