Martinek etapa, eta Wigginsek mailot horia

Faboritoa zen eta ez du hutsik egin. Martin alemaniarrak irabazi du Dauphineko erlojupekoa. Wiggins izan da bigarren 11 segundora eta Boason Hagen hirugarren 43 segundora. Wiggins bera jarri da lider.

Denboraldiaren hasieran, Paris-Nizan, gailendu zen Martin. Agian horrexegatik espero genuen Euskal Herriko Itzulia lehiatzea, eta ihesaldi batzuetan sartuta eta Zallako erlojuz kontrako etapa poltsikoratuta ere, ez zuen sailkapen nagusiko borrokan izan. Dauphineko mendiko lehen etapan atzean geratu zen, eta beraz, itzulia irabazteko faboritoen zerrendatxotik kanpora geratu zen. Erlojupekoan, ordea, erakustaldia eman du. Berriz ere argi ilunak, beraz, alemaniarraren eskutik. Erlojuaren kontrako lehian bikain, baina hori ez da nahikoa astebeteko edo hiru asteko probak irabazteko. Martinek berak jakingo du indarrak gordetzen ari den, eta errepideak gora begiratzen duenean ezin dien onenei jarraitu.

Wiggins bigarren saillkatu da eta, beraz, erakutsi du indartsu dagoela; lider jarri da. Ziklista ingelesak, 2009ko Tourrean podiuma gertu ikusi ostean, zaplasteko galanta eraman zuen iaz, ezin izan zuelako onenen tropeltxoari eutsi. Dauphineko mendiko lehen etapan, astelehenekoan, Van den Broeckek, Evansek eta Vinokourovek segundo gutxi batzuk kendu zizkioten, hortaz, ematen du aldapan gora duela bi urteko sasoia berreskuratu duela. Ostiraletik igandera dioguna berresteko aukera izango du, hiru mendiko etapari aurre egin beharko dizkiete, bata bestearen atzetik. Wigginsi nork joko dion enbidoa? Evans da bigarren sailkapen nagusian, minutu eta 11 segundora. Brajkovic, iazko irabazlea, hirugarren postuan da minutu eta 21 segundora eta Vinokourov laugarren posturaino jaitsi da, eta ia bi minutura dago. Ezin ahaztu Van den Broeck: bi minutu eta erdira dago. Hasiera batean, aipatutako lauretatik hiru behintzat, Evansek, Vinokourovek eta Van den Broeckek Wiggins estu hartzeko ahalmena dute. Beste kontu bat da gai izango diren edo ez ingelesa atzean uzteko, arestian aipatu bezala, 2009ko Tourrean goi mendietan ia-ia onenen pare aritu baitzen.

Dauphineko erlojupekoaren ibilbide bera egin beharko dute Tourreko partaideek hilabete pasatxo barru. Bide gogorra dela geratu da agerian; bi aldapa, jaitsiera sigi-sagatsuak, ia ordubeteko lana… Oso alde handiak izan dira: Brajkovicek minutu eta hamazazpi segundo galdu ditu; Evansek, minutu eta erdi… Hala ere, ikusteke dago Tourrean gauza bera gertatuko den, izan ere, Frantziako itzuliko azken egunetan egiten den erlojupekoan alde txikia izaten da, norberaren dohainak baino gehiago, indarrek agintzen dute, eta lehen postuetan daudenak parez pare izan ohi dira. Gaurko eguraldiak ere baldintzatu du, hein batean, etapa, tarteka euria egin baitu, eta txirrindulari batek baino gehiagok behar baino gehiago ez arriskatzea erabakiko zuen ziurrenik.

Argazkia: Bettini / cyclingnews