Igor Antonen garaipen ikaragarria Zoncolanen

Ikaragarria Igor Antonek Zoncolanen lortutako garaipena. Euskaltel-Euskadi taldeak aurkezpenean etapa garaipena zuten helburu aurtengo Giroan eta lortu dute. Eta nola gainera! Zoncolango mendate mitikoan amaitzen zen etapa. Ikaragarria Galdakaokoak lortutako garaipena. Hemen duzue azken kilometroen bideoa ikusgai.



Etapa polemikaz beterik zetorren. Zoncolan igo aurretik Crostis mendatea igo eta jaitsi behar zuten. Azken unean, ordea, UCIk segurtasun arrazoiak tarteko mendate hori ibilbidetik kentzea eskatu dio Giroko antolatzaileei eta hala egin dute. Zaleak, berriz, ez ziren gustora hartutako erabakiarekin (eztabaidak oraindik hor dirau). Hori dela eta, protestak izan dira Tualisen eta edozein arazo ekidin asmoz, antolakuntzak lasterketa jokatzen ari zela ibilbidea aldatzeko erabakia hartu eta bete du. Honek guztiak zalantzarik gabe soka luzea ekarriko du hurrengo egunetan.

Ibilbide aldaketak izan arren, faborito guztiak Zoncolaneko igoera beldurgarriaren zain ziren indarrak neurtzeko. Euskaltel-Euskadi ostiraleko etapan tropelaren buruan aritu zen lanean Igor Antonekin etapa garaipena lehiatzen saiatzeko seguruenez, baina berriro ere Rujano tandemak aukera hori kendu zien. Atzo, ordea, talde laranjak lan bikainaren ordaina lortu du.

Igorrek ederki egin zuen aurrera. Eskalatzaile bikaina dela ederki erakutsi du. Ez, bere ez zen tropeleko txirrindularirik indartsuena, baina bai aukera aprobetxatzeko gauza izan zena. Contadorrek, zalantzarik gabe tropeleko indartsuenak, nahiago izan zuen bere arerio zuzenak zaintzeaz arduratu eta horrek Igorri mesede egin zion etapa garaipen bikaina lortuz.

Euskaltel-Euskadik historian lehen aldiz etapa garaipena lortu du. Ez da harritzeakoa ere, izan ere, azken urteetan lasterketa honetan parte ez hartzea nahiago izan baitu.

Gaurko garaipenarekin Igor podiumaren postuen lehian sartzen da. Oraingoz 3. postuan aurkitzen da eta hori defenditzen saiatuko delakoan nahiz jada etapa garaipenaren helburua beteta direnean. Contador, berriz, inoiz baino liderrago. Etnan, atzo eta gaur erakutsi du guztien gainetik dagoela eta ez koska bat gorago, hiru edo lau gorago esango nuke nik.

Zorionak Euskaltel-Euskadi taldeari etapa garaipenaz gain Mikel Nieve ere 7. helmugaratu baita. Zorionak zuri ere, Mikel!

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.