2011ko Eguzkiaren Lasterketaren ibilbideari begiratu bat

Bihar hasiko da 2011ko Paris-Niza lasterketa, Eguzkiaren Lasterketa. Zortzi etapek osatuko dute lasterketa eta kontutan hartu beharko dugu aurtengoan prologorik ez dela izango.

Lehen bi etapak erabat lauak dira profilak begiratzen baditugu, beraz, zalantza handirik gabe esan dezakegu esprinterrentzako etapak izango direla. Hori kontutan hartzen badugu, garbi dago lehen bi etapetako lasterketako lider esprinter bat izango dugula. Baina zein esprinter? Hori da asmatu beharko duguna gure Tropelako kinielan.

Asteazkeneko etapari dagokionez zalantzak izan ditzakegu. Helmugatik 12 kilometrotara 2. mailako mendatetxo bat jarri dute eta beharbada zenbait talde esprinterrei etapa zapuzten saiatu daitezke. Ikusiko dugu.

4. etapan, aldiz, gauzak zertxobait alda daitezkeela uste dut. Ibilbide gorabeheratsua egin beharko dute 3. mailako 4 mendate eta 2.eko 3 gaindituz. Iheslarientzako aproposa izango da eta lasterketa irabazteko hautagai izango direnak aurrean beharko lukete.

Osteguneko etapa bai, honek jada faboritoak gainontzekoengandik bereiziko ditu. 3. mailako 4 mendate, 2.eko bat eta 1. mailako 2 pasa beharko dituzten, azken hauetako bat, Col de la Mûre helmugatik 9 kilometrora aurkitzen delarik.

Ostiralean erlojuaren kontrako saioa izango da. 27 kilometroko etapa nahiko laua izango da, espezialistentzat egokia. Eta nola ez, lasterketa bereganatu nahi duenak ezingo du ostiraleko erlojuaren kontrako saio honetan hutsik egin.

7. eta ekitaldiko azken aurreko etapan 1. mailako 2 mendate jarri dituzte. Tropela puskatzeko erabil dezake talderen batek edo bestek, baina helmugatik 100 kilometrora aurkitzen dira eta ikusi beharko da zenbaterainoko erabakigarri izan daitezkeen.

Azken etapa, Nizan jokatu ohi denak zeresan handia izan dezake. Ikusi beharko da sailkapen nagusiko lehen postuen artean zenbateko denbora tarteak dauden, baina liderrak tentu handiz ekin beharko dio azken etapa honi garaipena nahi badu. Etaparen azken 30 kilometroetan dauden 1. mailako bi mendateak, La Turbie eta Col d’Èze, erabakigarriak izan daitezke.

Ez da erraza izango aurtengo irabazlea zein izango den jakitea, batez ere iazko podiumeko bi txirrindulari, Contador eta Valverde, lasterketan izango ez direlako.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.