Kontuak kontu, ziklokrosik onena Igorreko Munduko Kopan

Beste urte betez, lokatzgaineko txirrindularitzaren ikuskizun handiak munduko espezialistarik onenak ekarriko dizkigu Euskal Herrira, azken orduko albiste ezkorrek gure lurretan dugun ziko-kros probarik handienaren egunerokotasuna astindu badute ere.

uci-cyclo-cross-world-cup-2009-igorre-zdenek-stybar-3

Ostegunean Zdenek Stybar munduko txapeldunak zitan egongo ez zela jakinarazi zuen; gabonak arte gutxi gora behera lehiaketatik kanpo egon beharko du, belaunean azkeneko asteotan izaten ari den arazo batzuk tarteko. Hori gutxi balitz, Espainiar estatuan aire-kontrolatzaileen eskakizunek eragindako gatazkak nazioarteko hainbat txirrindulariri Igorrera heltzeko lanak zaildu dizkio.

Nolanahi ere, eta hegaldien arazoa behar bezala konponduko denaren itxaropenaz (oraindik bertan ez direnek Mediterraneo aldetik errepidea hartzeko aukera izango dute bederen), Munduko Kopako probarik ikusgarrienak (Koksijde-koarekin batera) iragarpenak bete ahal izango ditu beste behin. Azken urteotan bezalaxe arazo ekonomikoek gora egin dute, jaso dituzten laguntzek behera egin duten hein berekotsuan seguru asko, baina antolatzaileek txirrindularitzazaleontzat oparia den hau bere horretan mantentzea lortu dute beste behin.

igorre2009

Gauzak horrela, Stybar iazko garailea irteeran izango ez dela jakinda, Niels Albert (txekiarraren faltan Munduko Kopako lidertza esku-eskura izango duena) eta Sven Nys-en arteko lehia behar luke biharko probak. Igorreko belardi bigunak nekez eutsiko dio azken egunotan botatako euriari, eta Munduko Kopako lasterketaren aurretik izango diren gainerako probek guztiok espero duten lokatzdia sortaraziko dute seguru. Horrenbestez, txirrindularien arteko aldeak areagotu egingo dira, eta horrek aipatutako bi flandestarrak aurrean nabarmentzea ekarri beharko luke. Bart Wellens-ek ere izan dezakeen zirkuiturik aproposenetakoa topatuko du, oinez egiteko zati dezenterekin (aurten gainera eskaloidun malda gehitu du antolakuntzak), baina joan den astean Gieten-en izandako erorketa gogorrak oinazerik utzi dion ikusi beharko da. Hauekin batera, Klaas Vantornout eta Bart Aernouts aipatu behar dira, aurten maila ona erakutsi badute ere oraindik garaipenen zakua hutsik dutenak. Kevin Pauwels-ek azkenaldian maila hobexeagoa eta garaipen bat erdietsi ditu, baina lokatzak normalenean gauzak zaildu beharko lizkioke. Aurreneko multzo honetan Francis Mourey frantziar txapelduna ere derrigorrean aipatu behar da.

Guzti hau Flandes aldean kontuak nahasi xamar diren unean gertatzen da. Hainbat kontu izan dira hizketagai azkeneko asteotan: Stybar-ek errepidera eman lezakeen jauzia (txekiarra antza Quick Step-ekin fitxatzetik gertu egon liteke), Sunweb taldeko buruzagiak bere gizonen errendimendu eskasak izango dituen ondorioak publikoki azaltzea (Vantornout alde batera utzita, desagertu xamar izan dira gainerakoak, Sven Vanthourenhout euren artean), edota Munduko Kopako probatan belgiar selekzioan sartzeko borrokak eragindako eztabaida (Dieter Vanthourenhout-ek hautatzaileari leporatu zizkionak batez ere, Koksijde-rako kanpoan geratu ostean, Telenet-Fideakoen alde argi egiten zuela esanez). Guzti honek interesa erantsiko dio gizon jakin batzuek egingo duten lanari.

egoitz_murgoitio_ciclocross_ermua_2010_murgoitio

Geurera bueltatuz, euskal txirrindularien artean zalantzarik gabe Egoitz Murgoitioren izena aipatu behar da. Euskal eta espainiar egutegian Javier Ruiz de Larrinagarekin lehia polita mantentzen badu ere, abadiñoarrak orain arteko Munduko Kopako lasterketak korritu izanak puntu dexente eta, batez ere, irteera puntuan postu egokia eskaini dizkio. Okerrik ez bada, Hirumet etxeko bizkaitarrak hirugarren lerrotik ekingo dio lasterketari, Koksijde-n ekin zion bezalaxe, eta Flandeseko kostaldean lortu zuen 23. postua hasiera batean behintzat aurkako zitzaion ibilbide batean erdietsi zuela kontuan hartuta, Igorren, etxekoen babesak eragingo dion grinarekin, 15 onenen artean izateko aukera izan dezake. Horrexek behar luke bere erronka. Ruiz de Larrinagak, bere aldetik, irteeran atzerago aterata, aurrerantz egin eta aurreko urteetako emaitzak hobetzea izango du helburu. Daniel Ruiz, David Juarez eta Erlantz Uriarte izango dira euskal partaidetza osatuko duten txirrindulariak.

Ikuskizuna eta gozamena beraz bihar Arratiako herri txiki honek eskainiko dizkiguna. Telebista bidez jarraitzeko modua izango bada ere, Igorrera bertaratzeak zinez merezi du, txapeldun handi hauek gertutik ikusteko aukera paregabea baita. Eta bide batez, antolakuntzak egindako ahalegina saritzeko modu bat ere bada.

Honekin batera, astelehenean Asteasun UCI-ko sailkapenerako puntuagarria den proba ere ospatuko dela gogorarazi behar da, beste klasiko bat gure artean. Albert eta Nys behintzat bertan izatekoak dira.

Argazkiak: cyclephotos.co.uk / mintegui / esciclismo.es