Tourreko multzoen azterketa: hautagai nagusiak (I)

Contador Tourreko podiumeanEz dakit zer esan, aukeraketa erraza dela ala ez. Hiru dira hautagai nagusiak eta bat aukeratu behar da. Azter ditzagun banan bana.

Alberto Contador

Hautagai nagusia dela argi dago. Dagoeneko bi Tour irabazi ditu. Sasoi betean dagoen txirrindularia da eta faborito nagusia.

Zalantzarik gabe tropelean dagoen txirrindularirik indartsuena da. Baina nahikoa izango al du hori 2010eko Tourra irabazteko? Beharbada bai, baina taldearen laguntza ezinbestekoa izango da. Tiralongo, Vinokourov eta Pereiro izango ditu laguntzaile besteak beste. Taldekide onak, baina beste zenbaiten aldean kaskarragoa dela iruditzen zait.

Lance Armstrong

Armstrong Tourrerako prestatzenAspenen bizi den Texaseko txirrindularia profesionaletara itzuli zenetik bigarren Tourra izango du. 38 urte ditu (irailean 39 egingo ditu) eta podiumeko postuetan sartzen bada aurtengoan historiako txirrindulari zaharrena izango litzateke. Zalantzarik ez irabaziko baluke.

Iaz geldialdiaren ostean itzuli zen eta erretiratzetik itzultzeak kalte egin ziola esan zuen. Gainera Contadorren talde berean izan zen eta horrek zeresan handiak sortu zituen bien artean. Aurtengoan talde berri batekin dator eta txirrindulari bikainez inguratuta: Leipheimer, Klöden, Popovich, Horner eta Brajkovich besteak beste. Bere urteko helburu nagusia Tourra irabaztea du eta horretarako egutegi, entrenamendu eta baliabideak jarri ditu amerikarrak.
Bere esanetan lehen astean izango diren haizeek eragin ditzaketen mozketek faboritoen artean lehen aldeak eragingo dituela esan du. Ziur Radioshack hori bilatzen saiatuko dela.

Garbi dago txirrindularirik indartsuena ez dela bera, baina erregularrena izango delakoan nago.

Andy Schleck

Andy eta Frank Schleck anaiakLuxemburgoko anaietan gazteenak aurtengoan ez du bere burua horrenbeste erakutsi. Hori bai, iaz Contadorri eusteko eta erasoak jotzen aritu zen bakarrenetakoa izan zen eta horrela lortu zuen bigarren postuan sailkatzea. Talde bikainarekin izango da hau ere Tourrean. Zenbait aipatzekotan Frank anaia, Cancellara, Fuglsang eta Voigt aipatuko nituzke.

Andyren helburua ere Tourra da aurtengoan, beraz, horretan izango da buru belarri.

Zein aukeratu?

Ez da erraza aukeraketa. Esan bezala Contador da txirrindularirik indartsuena, bai mendian gora baita erlojuaren kontra ere. Andy ere eskalatzaile bikaina da, baina erlojuaren aurka pattal ibiltzen da. Armstrong, berriz, ez dela indartsuena argi dago baina erregularrena izango delakoan naiz.

Arriskurik hartu nahi ez duenari Contador hartzeko esango nioke. Arriskatu nahi duenari, ordea, Andy baino Armstrongen aldeko apustua egiteko esango nioke. Badakit Armstrong dagoeneko ez dela lehen zena erlojuaren aurka, baina erregular ibiliko dela uste dut eta Contadorrek akatsen bat burutzen badu, Armstrongek hori probestuko duelakoan naiz.

Ez dut txirrindularitzari zer on edo kalte egingo liokeen Armstrongek Tourra irabaziko balu, baina nire apustua, arriskuak hartuz (portzentaiak ikustea besterik ez), Armstrong izango da.

EGUNERAKETA: azkenean Pereiro ez da Tourrean izango.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.