Flandesko Tourra 2010

Gerturatu dira urte osoan gustuen jarraitzen ditudan bi probak, Flandesko Tourra eta Paris – Roubaix. Munduko Txapelketako ibilbideak laguntzen duenean, hori izaten da hirugarrena, baina Flandesko Tourra eta Paris – Roubaix klasiko handiak ikusten pasatzen dut nik ondoen.

7699020

Ez naiz gehiegi luzatuko proba honen ibilbide, historia eta abarrekin, RVV, neuk baino hobeto ezagutuko baitituzue. Itzuli handietako txirrindularitza bakarrik jarraitzen duen eta lasterketa hauei garrantziarik ematen ez diotenei, gutxienez behin bada ere ikusteko gomendatuko nizueke, uste dut ez zaretela damutuko eta ez nintzateke harrituko denboraldiko sasoi honen zain izatea datozen urtetatik aurrera, kar-kar.

Igande honetan korrituko den Flandesko Tourrera begira, hautagaiei buruz hitz egiterakoan, Flandes aldean hain maitatua den Tom Boonen ipini behar beste guztien gainetik. Denboraldi hasieratik agertu da sasoiko baina batez ere Harelbeken erakutsi zuen ikaragarrizko sasoian dela. Ez ahaztu gainera azken bi urteetan, izan duen zaintzaren ondorioz, bere taldekide Devolder izan dugula garailea – ez noa hala ere Devolderren garaipenei pegarik jartzera, oso indartsu baitzegoen hau ere – eta aurten bestelakorik nahiko duela.

Bere aurkari nagusi bezala Cancellara, Pozzato, Breschel eta Flecha aipatuko nituzke. Bai behintzat orain arte erakutsi dutenaren arabera. Denen arteko buruz-buruko indar neurketa ematen bada, gizon hauek behar lukete indartsuenak, aldiz, lasterketa geldiagoa edo estrategikoagoa suertatzen bada, hor ager daitezke Gilbert, Nuyens, Boom, S.Ivanov, Langeveld, Ballan edo Burghardt bezalako txirrindulariek.

Lasterketaren nondik norakoa aurreko urteetan gertatu ez den zerbaitek alda dezakeela iruditzen zait. Hau da, Quick Step ez izatea lasterketako talderik indartsuena eta horrekin, Koppenberg inguruan sor daitekeen multzotxoaren kontrol lana zailtzea. Nire usteak okerrak izan eta aurreneko talde horretan Boonenez gain Devolder, Chavanel edo Weylandt sartzeko moduan izan ezkero, karrera “kontrolatzeko” moduan gerta daitezke, eta kasu horretan agian indartsuenen arteko borroka ikus genezake.

Kasu horretan, asko dira Boonen hautagai garbi ikusten dutenak eta ez naiz ni horren aurka joango baina Pozzato nola menderatu nahi duen jakitea gustatuko litzaidake. Aurreko urtean bezala, italiarra Booneni itsatsita izango dela iruditzen zait eta amaieran ez daukat hain garbi Boonen italiarra menderatzerako orduan hain garbi nagusi denik.  Zer nahiago nik Boonen edo Cancellarak irabaziko balute, baina probak jarraitzeko orduan hainbeste gustatze ez zaidan – baina bere maila ikaragarria onartzen dut aldi berean – Pozzato da nire apustua igande honetarako.

Bestalde, kontrol lanik egiteko modurik ez bada, “edozeinek” izan dezake aukera baina kasu horretarako, besteen adinako izenik ez duen baina sekulako sasoian dagoen Breschel-i aukera asko ikusten dizkiot.

Ikusiko dugu nola nola geratzen den proba Koppenberg-eko muinoa pasa ondoren, hor zer nolako multzoak sortzen diren arabera egongo baita aurrerago ikus dezakegunaren gakoa handiena.