Farrarrek esprintean garaipena

Farrar. 2009ko Vueltako 11. etapan garaipena

Egunean zehar espero bezala ihesaldia eta gero, esprintean erabaki da gaurko etapa. Hala ere ez zeuden esprinter guztiak Boonen kasuan bezala. Hauen artean azkarren, eta lehen garaipena lortuaz, Farrar estatu batuarra izan da.

Gaur ere saiakerak izan dira ihesaldia ostatzeko, baina azkenean aurrera egitea lortu dutenak Amets Txurruka, Moncoutie (Aitanan amaitu zen etapako protagonistetako bat), De la Fuente eta Hoogerland izan dira. Garbi zegoen Moncoutiek mendiko maillota berreskuratu nahi zuela eta De la Fuentek nola edo ahala defendatzen saiatu beharko zuela. Markaketa hori zela eta, Amets Txurruka eta Hoogerlandek aurrera egin dute Collado Bermejo gainera igotzerakoan. Moncoutiek, ordea, argi zuen gaur zer egin behar zuen eta De la Fuente atzean utzi eta aurrera jo du aurreko bi txirrindulariekin bat eginez. De la Fuentek ezin izan dio jarraitu eta bertan geratu da. Collado Bermejo gainean azkenean Moncoutie izan da pasatzen lehena.

Eguneko ihesaldia, beraz, Amets Txurruka, Moncoutie eta Hoogerlandek osatu dute. Hirukoteak ia 9 minutuko tartea atera ahal izan dio tropelari eta horrek faboritoen taldeak urduritu ditu. Izan ere Hoogerland sailkapen nagusian 4’41”ra zen eta lasterketako lider jartzeko arriskua zegoen. Faboritoen talde guztiak (Rabobank, Liquigas, Caisse D’Epargne,…) tiraka hasi dira tarteak murrizteko eta Campo de San Juan 2. mailako gaina pasa ostean ihesaldia zapuztea lortu dute. Hori bai, Moncoutie gustura, gaurko bi mendateetan puntuak jasota mendiko sailkapenean lidergoa sendotzea lortu baitu 86 punturekin.

Tropela bat eginik eta Caravaca de la Cruzeko helmugara jaisten ari zirela Di Gregoriok saiakera egin du. 30”ko tartea ere atera du, baina tropelak, Liquigas buruan, frantziarraren ahalegin guztiak ezerezean utzi ditu. Ondoren Gerdemann ere saiatu da, baina honek ere ez du ezer lortu. Behintzat atzoko erorikoak ondorio larririk ez ziola utzi ikusi ahal izan dugu.

Tropelak abiadura bizia hartu du helmugara bidean eta ezustean aurrera egiten saiatu dena Cancellara izan da. Ez da lehen aldia horrela garaipena lortzen duena, baina gaurkoan ez du posible izan. Bukaeran, Farrar nagusitu da guztien aurretik. Atzetik Gilbert eta Marcato izan ditu. Aipagarria Iñaki Isasiren esprinta 4. sartu baita. Sailkapen nagusiari dagokionez aldaketarik ez.

Bihar atseden eguna izan dugu eta etzitik aurrera Vuelta erabakiko dituen hiru etapa ikusgarri. Oraindik guztia erabakitzeko dagoela esan daiteke.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.