Askorentzako jarraibide

Jose Acebedo 2006ko Douphineko 4. etapanIragan asteburuan amaitu zen Portugalgo Itzulia David Blanco galizarraren garaipenarekin, hamaika lehiaketa egunen ostean. Tartean, besteak beste, Napolitano, Barbosa eta Pacheco-ren arteko sprintak, Torre gainera igoera ikusgarria, Koldo Gil-en berragerpena lasterketa garrantzitsu batean edota Héctor Guerra eta azken garailearen arteko markaketa estua. Hori bai, guztiaren gainetik egitura oso egonkordun lasterketa izatearen itxura eman du Portugalek; era guztietako etapak, lehiaketa garrantzitsu orok behar duen bezalako hedapena, jende ugari bide bazterretan, etab.

Ez da hala ere lasterketa bera gaurkoan idaztera ekarri gaituena, azken urteotan herrialde iberiarrak izan duen enbaxadorerik handienak bertan profesional mailan azken pedal kolpeak eman izanak baizik. Sailkapen nagusia erabaki behar zuen erlojupekoa amaitzearekin bat, José Azevedo portugaldarrak bere kirol bizitza profesionalari amaiera eman zion.

Nazioarte mailan 2000. urtean eman zuen bere izena aditzera, Asturiaseko Itzulian El Viso-ko gainean Joseba Beloki-ri aurre hartu ostean (gasteiztar/goierritarrak hurrengo egunean lortuko zuen garaipena, Aceboko santutegi ezagunean). Maia talde portugaldarrean ari zen artean, eta lasterketara txirrindulari handia izan zitekeela iragartzen zuten emaitzekin iritsi zen. Bere mugetatik kanpo besoak jasotzean iragarpenok ontzat har zitezkeela erakutsi zuen.

Urte hartan azaldutakoak goi mailarako behin betiko urratsa ematera eraman zuten, 2001.ean ONCE-Eroski-ra eman baitzuen jauzi. Aurreneko agerrialdietako bat azkeneko hamarkadan gogoratzen den bitxienetako bat izan zen, Alex Zülle-rekin batera Paris-Nice-eko etapa bat jokoan zutela heldu baitzen helmugara, bietako inork sprinta lehiatu ez zuelarik. Garaipena, ordea, suitzarrarentzat izan zen.

Urte horretantxe hain zuzen euskal txirrindularitzarentzat Giroko azkeneko podiuma iritsi zen, Abraham Olano eta Unai Osa bigarren eta hirugarren sailkatu baitziren hurrenez hurren. Gure protagonistak izan zuen bai horretan zerikusirik, amaieran meritu handiko bostgarren postua lortzeaz gain anoetarraren itzal bihurtu baitzen, munduko txapeldun ohiari, behar izan zuen guztietan (gora zein behera) bere laguntza eskainiz. Goitik beherakoan gutxi bezala moldatzen zen gizon bati aurre hartuta jaitsierak egiten ikusteak liluraturik utzi gintuen asko eta asko.

Edizio hartako Giroak bere bizitzan beste aurrekari bat suposatu zuen ezbairik gabe, ondorengo urteak horren islada izan ziren eta. Ordurako dohain handiak zituen txirrindularia zela argi zegoen, gorakoan zein beherakoan iaioa, eta erlojupeko makurretan ongi moldatzen zena, lauak ere halamoduz egiten zituelarik. 2002an Tourrean seigarren sailkatu zen berriz ere taldearen estrategian bete-betean sartua zelarik.

Acebedo eta ArmstrongAzkeneko aldaketa handia 2004an bizi izan zuen. Hiru asteko lasterketetan erakutsitakoak Lance Armstrong-en begietatik ez ziren alferrik pasa, eta hala, urte horretan US Postal taldeak fitxatu zuen. Espero zitekeen moduan, Tourrean eman zuen bere mailarik handiena, ikusgarria inondik ere. Zaleen oroimenean luze iraungo duten talde estatubatuarraren erakustaldietan protagonistarik handienetakoa izan zen Azevedo. Horri esker seguru asko, urte hartan bertan Frantziako lasterketa bostgarren amaitzea lortu zuen.

Barnean zeramana emana zuelarik, ez agian bere mesedetan, baina kontuak kontu berea egina zuela, zikloaren hasierako puntura bueltatzeko garaia heldu zela eritzi izan zuen, etxerako bidea hartzeko erabakia hartu zuelarik. Oraindik Discovery Channel-en urtebeteko kontratua bazuen ere, etxera bueltatzeko grinak, bere lurraldearekiko konpromezu keinu miresgarrian, azkeneko urte biak Benfica talde portugaldarrean egitera eraman zuen. Goi mailatik aldendu egin zen, bere berri gutxi izan delarik. Iaz lortu zuen bere azkeneko garaipena, CTT Correios de Portugal Sari Nagusiko etapa bat bereganatuta. Garaipen gutxi (pentsa, Asturiaseko hartatik lau besterik ez, Tourreko taldekako erlojupekoez gain), baina lana erruz. Hori bai, Portugalgo Itzulia irabazi ez izatearen pena izango du seguru asko.

Igandean txirrindulari eta gizon handi batek tropela (txirrindulari profesional moduan bederen) behin betikoz utzi zuen. Handienen parera heldu zen moduan, modu isilean. Bidean, bere izakera erakusten duten keinu asko. Harrokeriarik gabe, oldarkeriarik gabe (lasterketan oldarturik ibiltzea berez ikusgarria bada ere); langile, xume eta fidel, tropelean gizon fidelik izan bada. Azkeneko lasterketan ere indarrak besteen mesedetan xahutu zituen (Rubén Plaza eta Cándido Barbosa-ren mesedetan kasu honetan). Armstrong eta Olano bezalako txapeldunek askotan esan izango zioten, eta txirrindularitzak halakoak behar izanda sarritan ahanzturan galtzen uzten dituelako: obrigado, José.