“Liste des engagés provisoire” ziklistak abiatu arte

Letour - provisioreUrtero bezala Frantziako Tourrak bere joko arauak ipini ditu, UCIren gainetik. Txirrindulariek sinatu behar duten ditxosozko dokumentu horrekin aurrera eta atzera ibili gara. Eta Tourrak parte hartu nahi zuen oro, dokumentua sinatzera derrigortu du. Honela, txirrindulari guztiek men egin eta dokumentua sinatu behar izan dute, baina ez oso gogo onez. Normala iruditzen zait ez sinatu nahi izatea, baina denak elkartu eta kontra egin beharrean, banan-banan denak pasa dira Tourrak jarritako uztaitik.

Eta orain zer? Bazirudien dokumentuak izugarrizko triskantza eragingo zuela eta ez da horrelakorik gertatu. Tourrera joan diren guztiek sinatu dute, lasterketa guztietako hasierako kontrol medikuak gainditu dituzte eta atzo Tourraren aurkezpen ekitaldia egingo zuten.

Baina ni ez nago lasai. Tourreko antolakuntzak ikusi nahi ez zituen txirrindulari batzuk parte hartzera doaz eta Tourreko antolakuntza zer egin pentsatzen ari delakoan nago. Ez daukat inolako oinarririk. Nire irudipen soila da. Baina sinatu dutenetako asko Parisa ez direla helduko iruditzen zait.

Eta irten? Irtengo al dira gaur Londresen abiatzen den prologoan? Goizeko 11ak jo berriak eta oraindik Frantziako Tourreko webgunean parte-hartzaileen zerrenda ez da ofiziala: “Liste des engagés provisoire”. Irudia hemendik aterata dago. Zergatik hori? Beste urteetan zerrenda ofiziala bezperarako jarrita egoten zen ezta?

Eta bitxikeria bat: Konturatu al zarete nork eramango duen 18 zenbakia Tourrean? Eufemianoren 18. odol poltsa berea dela eta ez dela eztabaidan ibili ondoren, Tourrak 18 dortsala eman dio Valverderi… Kasualitatea? Atzo Valverdek prentsaurrekoan ez zuen gai horretaz hitz egin nahi izan eta kazetari batzuk zutitu eta ospa egin zuten. Giroa normal ez dagoenaren seinale argia…

Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina aurtengo Tourrean ere kirol arloa baina zerbait gehiagoz hitz egingo dugula iruditzen zait. Behintzat, errepidean ikuskizuna eman dezatela eta ea gozatzen dugun lasterketa eder honekin!

Vive le Tour!