Olentzerori eskutitza

McQuaid UCI lehendakariaBadakit ez dela Olentzerori eskutitza idazteko garairik egokiena, nahiz eta egunotako eguraldiak hori pentsatzera lagundu. Baina zenbait euskal txirrindulariri hori egokituko zaio hilaren 7an Londresen abiatuko den 2007ko Tourrean parte hartu nahi badu. Christian Prudhomme Tourreko zuzendaria dugu uda honetako Olentzero eta txirrindulariak uztailaren 7an Tourrean parte hartzeko oparia jaso nahi duten ume esperantzatsuak. Eta noski, oparia nahi duenak eskutitza derrigorrean bidali behar dio Olentzerori, bestela esku-hutsik geratzeko arriskua du.

Txirrindulariek urte hauetan zehar zein txintxo portatu diren kontatu beharko dute eskutitz honetan, Pat McQuaid UCIko lehendakariak 19ko bileran aurreratu zuen bezala. Txintxo-txintxoak izan direla; ez dutela Puerto Operazioarekin inolako zerikusirik izan eta ez daudela inongo doping affairetan nahastuta. Gainera, beren zintzotasuna frogatzeko, prest daudela 2007an irabaziko duten soldata emateko, baldin eta saltsaren batean harrapatuko balituzte.

“Nik uste nuen hemen benetako Olentzero McQuaid zela?”, galdetuko du batek baino gehiagok. Eta hala beharko luke, bera baita UCIko lehendakaria, baina errealitateak bestelakorik dio eta McQuaid Olentzeroren opariak eramaten dituen astoa dela dirudi. Ekainaren 19ko bileran eman zuten argitara eskutitz honen edukia eta Tourrean parte hartzeko ez zirela txirrindulariak berau sinatzera behartuta izango esan zuten. Hori bai, UCIk ahalik eta txirrindulari gehienek sinatzea nahi zuen eta presio modura beren webgunean sinatu dutenen txirrindularien zerrenda argitaratuko dutela esan zuten. Nik oraindik ez dut aurkitu zerrenda hori; beraz, eskertuko nuke norbaitek non dagoen esaten badit.

“Tourrak dena ematen du eta Tourrak dena kentzen du”, zioen Ardanza Euskalteleko lehendakariak gazteleraz Euskaltel-Euskadi taldearen aurkezpen ekitaldi batean. Aurtengoan ere berriro baieztatzen da: Tourrak eskutitz bat ematen die txirrindulariei eta ez badute sinatzen parte hartzeko aukera kentzen die. Eman eta kendu. Ez, UCIk ez, Oletzerok, Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak.

Ez dakigu txirrindulari guztiak txintxo portatu diren nahiz eta eskutitza sinatu (azkenak sinatzen Simoni, Ricco…). Ez dakigu ea txirrindulari guztiek bidaliko duten eskutitza eta beharbada ikatza izango dute ordainetan. Oraindik hamar egun falta dira egun handia iristeko eta seguru Olentzero bere zulotxotik begira-begira egongo dela txirrindulari bakoitzak zer egiten duen zelatan.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.