Maiatza joan eta Mayo agertu

Mayo GiroanGaur ekainaren bata da. Maiatza joan da. Asteburuko erlojupekoaren eta azken esprintaren aurretik geratzen zen etapa bakarra zen. Ihesaldietarako azken aukera zen eta etaparen bigarren erdian zeuden igoerek oraindik indar guztiak xahutu ez dituztenen artera mugatzen zuen lehia. Goizean gure adituek, Gure Aditua eta VDB (fitxaketa berria) aipatu dituzten Garzelli, Rasmussen, Bettini eta konpainia.

Baina Gure Adituak zerbait baleki bezala, Iban Mayoren izena ere utzi digu aipatutako berriaren iruzkinean. Eta baita asmatu ere! Mayo itzuli da!

Giro guztian ez da askorik agertu (pare bat etapetan lan txukuna egin du) eta nik ez nuen uste saiakerarik ere egin zezakeenik, baina badirudi indar batzuk ondo gordeak zituela. Gero Usabiagak dioen bezala, batzuk “berezko klasea” dute eta egun zehatzetan atera dezakete! Gainera, askok eta askok badakigu Iban euriarekin eta eguraldi freskoekin hobeto moldatzen dela.

Osagai guzti horiekin, Ibanek etapa ikaragarria egin du eta onenekin egoteaz gain, ihesaldia sorrarazi du eta pixkanaka arerio guztiak atzean utziz helmugara bakar-bakarrik iritsi da.

Honela, euskaldunok Italiako Girotik esku hutsik joan behar genuela sinetsita geundenean, ezustean etapa eder bat poltsikoratuta azken bi urteetakoa errepikatzea lortu da. Duela bi urte Koldo Gilek irabazi zuen etapa eta iaz Juanma Garate gailendu zen etapa gogor batean (Jens Voigt-ek etapa lehiatu ez zion hartan). Aurten garaipen bat lortzen duen zazpigarren euskal ziklista dugu igorrekoa Tropeleko Euskal Txirrindulariak atalean ikus dezakezuen bezala (Domina dutenak dira aurten garaipenen bat lortu dutenak).

Iruzkinen batean norbaitek aipatzen zuen datua ekarri nahiko nuke hona Saunier Duval taldearen lana aipatuz. Giro honetako garailea Danilo Di Luca izango den arren mendiko 4 etapatan gailentzea lortu dute talde horikoek. Eta aipagarria dena da, etapa bakoitza txirrindulari desberdinarekin irabaztea lortu dutela: Piepoli, Riccó, Simoni eta Mayo.

Aurrekoan, Leonardori Iban Mayori etapa bat irabazten usteko eskatu nionez gaur eskerrak emateko aprobetxatu nahiko nuke. Mila esker, Leonardo!

Ibani dagokionez, oraindik sasoirik onena lortzeko dagoela dirudi. Beste urteekin alderatuta prestaketa atzeratuago darama, beraz, hemendik aurrera Frantziako Tourrean zer egin dezakeen eztabaidatzeko nahiko astia izango dugu.

Tropelak non jarri beharko luke Iban Mayo Tourreko zerrendetan, Hautagaiak multzoan ala Euskaldunak multzoan?