Aireportu, itsas portu eta bestelakoak

Bilboko portuaSpanair konpainiak Hondarribiako aireportutik hegaldiak jarri ditu abian Iberiaren Air Nostrum konpainiaren eskaintza handituz.

Itsasoak, berriz, ez dio asko lagundu gure Unai Basurko itsasgizonari. Bost itsasoetako lasterketan Getxoko itsas portura itzuli beharrean izan zen gure ordezkaria itsaso zakarrak eragindako kalteak zirela eta.

Egia esan, ordea, portu hauen inguruko berriak interesgarri baderitzot ere, aspaldi isilean izan den bestelako Portu batetaz hitz egin nahiko nuke: ‘puerto’ operazioaz.

Oraindik gogoan dut Tourrerako egun gutxi falta zela zer nolako nahasmena sortu zen. Gogoan izango duzue, noski. Nahasmen haren ondorioz, talde bat lasterketan parte hartu gabe geratu zen (Liberty) eta Ullrich eta Basso bezalako txirrindulari garrantzitsuak ere korritu ezinik. Arrazoi nagusia: odol poltsak, guardia zibila eta zenbait ezizen.

Ezizen haiek zerrenda luze bat osatzen zuten eta guk txirrindularien izenak ezagutu baditugu ere, beste hainbat kirolarirenak ere tartean omen ziren. Norbaitek ba al du izen horietakoren bat gogoan? Nik ez.

Kontuak kontu, hainbat txirrindulari ezagun seinalatuak izan ziren eta beraien taldeetatik bananduak. Horien artean euskaldunak ere baziren. Izen poltsa hartan lehen postuan agertzen zirenak ez ziren txirrindulariak izan hain juxtu, Eufemiano Fuentes medikua eta Manolo Sainz Liberty-ko zuzendaria baizik.

Beharbada medikua ez zen gure artean hain ezaguna baina bai Manolo. Itxura guztien arabera, bazirudien nahiko garbi zegoela argitara emandako eskandalua egiazkoa zela eta justizia espainiarrak serio hartu zuela gai hau guztia. Noski, justizia espainiarrak eta UCI txirrindulari elkargoak.

Ia bost hilabete pasa dira auzi hura argitara eman zenetik eta gauzak oso bestela jarri dira. Epailearen aginduz, aurkitutako froga haiek guztiak UCIk ezin ditu oinarri gisa hartu, eta beraz, ezin du argitaratutako pertsona horien guztien aurka egin. Alegia, Manolo Sainzek ez du zertan txirrindularitzatik aldendu, eta gainontzeko txirrindulariek hurrengo urtean ez dute arazorik izango profesional mailan jarraitzeko.

Nik aspaldian nire burua zalantzan jartzen dut gauza asko ulertzeko ez bainaiz gai. Kasu hau ere zerrenda horretan gehitu berri dut. Orain bost hilabete ehundaka kirolari susmagarriak ziren; Puerto operazioa dopinaren kontrako kolpe garrantzitsu bezala ezagutu genuen. Honek sortu zuen eskandalua Tourrean ikaragarria izan zen. Orain, berriz, ez dago susmagarririk. Badirudi ez zela ezer jazo. Ez ziren benetakoak plastikozko poltsa haiek? Ez al zegoen zerrenda bat? Zer gertatu da? Edo beste interes batzuk daude egia ez ezagutzeko? Espainiako gobernuak zerikusiren bat izan al du? Hala guztia muntaia bat izan da?

Beharbada amets egin dut eta Tourra Landisek irabazi du eta Mayo ez zen erretiratu nik uste nuen bezala egoera lotsagarri hartan. Edo beharbada azken egunetan jaso dudan informazio hau guztia nire imajinazioaren fruitu da. Mesedez, esna nazazue!

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.