Joan zaigu “Armstrong ondorengo I. urtea”

Valverde eta BettiniBeste txirrindulari denboraldi bat amaitu da. Urtarrila inguruan kirol honetara zaletuok garenok pozik hartu genuen denboraldi berri honen hasiera. Urte pixka bat arraroa zen aurtengoa, hemen behintzat hainbesteko indarra duen Frantziako Tourreko azken zazpi ekitaldietako irabazle (eta nola irabazi gainera!!!) zen Lance Armstrong falta baitzen. Txirrindularitza Frantziako Tourretik haratago ikusten ez duenarentzat, erreleboaren urtea zen aurtengoa, Basso eta Ullrich hautagai nagusi izanik, eta Valverde, Mancebo, Vinokourov edo Menchov bezalako txirrindulariak beraien aukerak izango zituzten proba frantziarra ikusteko zain. Azkenean, Puerto Operazioa, lesioak edo sasoi puntu exkaxak medio, ez zen aurretik aipatzen ziren txirrindularien arteko borrokarik izan. Pereiro galiziarra nagusi azkenean (nik hala kontsideratzen dut behintzat, ez dakit zuek oraindik Landisen aldeko apustua egiteko gai ikusten zareten).

Baina Frantziako Tourretik aparte, lasterketa asko eta ikusgarriak ditugu denboraldian zehar: egun bateko klasiko handiak, klasiko ez hain ezagunak, astebeteko frogak… denek dute beraien ikusgarritasun puntua, ibilbide “arraroak” batzuek, sprinterren arteko borroka besteek, denbora tarte txikiek sortutako lehiakortasuna besteek… eta noski, urtero bezala, beraiengandik asko espero zen hainbat txirrindularik huts egin dute, beste batzuek beraien aurrerapausoak erakutsi dizkigute eta datozen urteetarako izen batzuk agertzen joan dira. Hona hemen izen batzuekin eginiko denboraldiaren laburpen txiki bat. Asko eta asko botako dituzue faltan (zuen izenak gustura irakurriko ditut). Ez naiz sartuko doping kasu edo Puerto Operazioarekin zerikusia izan duten txirrindulariekin, horiei buruz hitz egiteak berak bakarrik orri asko eta asko emango bailiguke.

▲ GORA

Alejandro Valverde: Agian urteko protagonista nagusia. Denboraldi hasieratik ia amaiera iritsi arte aurrean izan duguna. Euskal Herrian aurrean, Flecha Valona eta Liejan nagusi, eta Tourrean izandako erorketaren ondoren Espainiako Itzulian podiumean izan eta Munduko Txapelketan brontzezko dominarekin denboraldiari amaiera emateko moduan den txirrindulari baten aurrean laudorioak besterik ezin dira esan. Horregatik irabazi du ProTourreko sailkapena ere. Beste batzuk bezala, nahiago nuke irabazten dituen probak modu desberdinera irabazten ikusiko bagenu, ihes eginda, helmugatik kilometro batzutara erasoa jo eta bakarrik helmugaratuta… baina duen abiadura punta ikusita zertako arriskatu behar du ba?

Franck Schleck: Aurten aurrerapauso handia eman du. Paris-Nizan, Flecha Valonan eta Liejan postu onak lortzeaz gain Amstel Gold Race klasikoa irabazi eta Tourrean ere aurrean ikusteko moduan izan gara. Datozen urteetan zer esan asko eman behar luke, okerrik ezean.

Samuel Sanchez: Denboraldia berari gustatzen zaion moduan prestatzeko moduan izan da, hasiera eta amaiera indartsu batekin. Datorren urtean ere berdina egitekotan da, Tourrarekin ahaztuaz. Erabaki ona dirudi, bere ezaugarriak dituen txirrindulari batek horrelako planifikazioa egin beharko lukeela iruditzen zait. Ez du erraza izango aurtengoa gainditzea.

Fabian Cancellara: Agian ez naiz oso neutrala txirrindulari hau aztertzean. Ikaragarri gustatzen zaidan txirrindularia da berau, hala ere, aurten Paris-Roubaix eta Munduko erlojupeko proban emandako erakustaldiak denen gustukoak izango zirela iruditzen zait.

Oscar Pereiro: Tourretik kanpo ez da batere ikusi. Hala ere, Tourrak duen indarra kontutan hartuta zerrenda honetan sartzera derrigortuta ikusi naiz. Pertsonalki ez zait bere denboraldia gustatu baina…

Paolo Bettini eta Erik Zabel: Biak batera jartzeko modukoak. Denboraldiko edozein garaitan ondo egoten diren txirrindulariak, gutxitan huts egiten dutenak. Munduko Txapelketako bi aurreneko postuak lortu zituzten, eta ez kasualitatez. Urte asko izan arren apustu seguruak dira. Bettiniren datorren apustua Flandriako Tourra irabaztea izan beharko luke, bere aurkaririk handiena bere taldean izango badu ere (Boonen).

Thor Hushovd: Boonenekin batera sprinterren artean gustukoen dudana. Gante-Wevelgem, Frantziako Tourrean eta Espainiako Itzulian garaipenak lortzeko gai izan da. Udaberriko klasiko gehiagotan aurrean izateko moduko gorpuzkera du. Ezin harritu datorren urtean Paris-Roubaixen aurrean ikusi ezkero.

Stefan Schumacher: Txirrindulari irabazlea, lasterketa mota desberdin asko irabazi dezaketenetakoa. Oso gustukoa dut.

Alessandro Ballan: Sekulako dotorezia izateaz gain oso pedal kolpe eraginkorra du. Ez da kasualitatez urte berean Tirrenon 3., Milan-San Remon 8., Flandrian 5. eta Paris Roubaixen 3. edonor izaten.

▼ BEHERA

Danilo Di Luca: Denboraldi hasiera Girora begira egon ondoren huts egin zuen. Amaiera itxurosoa eman baldin badio ere ez zait iruditzen izan duen urtearekin konforme izango denik.

Levy Leipheimer: Urtean zehar ez da gehiegi azaldu, eta azaldu behar zuenean (Tourrean), huts egin du. Ikusiko dugu datorren urtean, lehengo bere taldera (Discovery Channel) itzultzean zer egiten duen.

Yaroslav Popovych: Leipheimerregatik esandakoak balio du.

George Hincapie: Roubaixen izandako erorketak denboraldi hasiera izorratu zion. Tourrean batzuek aurrean ikustea espero bazuten ere, huts egin zuen, bere talde guztiak bezala.

Alessandro Petacchi: Erorketarik izan ez balu, McEwen, Boonen, Hushovd edo Freireren aurrean zer egingo lukeenaren zalantzarekin utzi dit. Datorren urtean berriro ere sprinterrik onena dela erakusteko moduan izango al da?

Iban Mayo: Pare bat hiru egun onak izan baditu ere, eta iazkoa hobetu badu ere, bere dohainei zuku guztia atera ez dionaren sentsazioa ematen du. Saunierren bere berpizkundea ikusiko ote dugu? Agian…

ETORKIZUNA

Linus Gerdemann: Iaz Rijsen agindupean egon zen txirrindulari gaztea. Ullrichekin alderatzera ausartu zen daniarra, zerbaitegatik izango da. Asko eskatzea baldin bada ere dohain handiak dituela erakutsi du.

Igor Anton: Asko espero da igotzaile honengandik. Oraindik ezin zaio gehiegi eskatu baina datorren urtean lasterketa gehiagotan bere burua aurrean agertzen hasi beharko du. Tropeleko eskalatzailerik onenetarikoa bihurtu daiteke urte gutxiren buruan.

Markus Fothen: Iaz Giro ona egin eta aurten Tourrarekin saiatu da. Luzea egin bazitzaion ere, datozen urteetan, lasterketa luzeetan aurre aurrean ibili daitekeen txirrindularia izan daiteke.

Janez Brajkovic: Asko espero da txirrindulari honengandik. Espainiako Itzulian aurrean agertzen hasi zen. Erlojupekoan ondo moldatu eta aldapan gora hobetzen ari den txirrindularia dugu. Datorren urtean astebeteko lasterketa garrantzitsuetan aurrean ikus dezakegu.

Bernhard Kohl: Egia esateko, ez nuen ezagutzen. Dauphine goian amaitu zuen, Austriako txapelketa irabazi, Espainiako Itzulian erorketa ezean aurrean amaitzeko moduan zela ematen zuen… Gerolsteiner taldeak fitxatu du. Ikusiko dugu, Leipheimerren faltan taldeko lidertza ematen dioten ala ez, eta zer moduz egiten dion aurre horri.

Gerald Ciolek: Sekulako izterrak dituen sprinter hau hemendik urte batzuetara sprintetako errege nagusi izan dezakegu. Datorren urtea agian azkartxo izango da maila nagusian bere burua azaltzen joateko. Ez nuke, hala ere, honen kontra apusturik egin nahi. Sekulako sprinterra izan daitekeela iruditzen zait.

Hauxe urte honi buruzko laburpen txikia. Ez da dudarik txirrindulari asko eta asko utzi ditudala aipatu gabe. Flandrian halako erakustaldia eman zuen Boonen, Vinokouroven Espainiako Itzuliko azken bi asteak… hala ere ez dira urte osoan zehar agertu eta ez zaizkit aipatze adinako denboraldiak iruditu.

Ea datorren urtean lasterketa ikusgarri pilo bat ikusteko moduan garen. Nire aldetik, besterik ez, datorren urtera arte!