Sari banaketa ederra!

Irabazleak beraien sariekinGaur iluntzean egin da Zestoako bainuetxean sari banaketa eta jende dezente bildu gara. 36 sari genituen banatzeko eta irabazle gehienak horiek jasotzera hurbildu dira Zestoara.

Kepa Iribar Euskadi Irratiko kiroletako kazetariak eraman du sari banaketaren gidaritza eta sariak banatzen Iker Leonet (Caisse d’Epargne) oiartzuarra eta aurtengo Tourra bukatu berri duen Mikel Astarloza (Ag2r) izan dira. Hasteko, bi txirrindulariek pare bat galdera erantzun dizkiote Kepari eta eguneko berria ere jorratu dute, Astarlozak gaur bertan itxi baitu datozen bi urteetarako kontratua Euskaltel-Euskadi taldearekin. Oso gustura zegoen pasaitarra.

Ondoren, banan-banan 21 etapetako irabazleak igo dira beraien saria jasotzera txalo artean. Batzuk beraien alaba eta bilobekin igo dira saria jasotzera txirrindulariek Tourreko podiumean jarritako ohiturei jarraituaz eta beste batzuk, beraien gurasoekin igo behar izan dute (Prologoaren irabazleak, Miren Aranburu donostiarrak, urtebete eta hilabete batzuk besterik ez ditu eta aitaren besoetan igo zen saria jasotzera).
Gero, lehiaketako sailkapen orokorrean lehen 15 postuetan geratu zirenak igo ziren, atzetik aurrera. Eta honela, pixkanaka-pixkanaka zein baino zein sari ederragoak beraien irabazleen eskuetara joan ziren.

Sari guztiak banatu ondoren, Egoitz Lizaso Tropela Elkarteko kideak hartu zuen hitza eta partehartzaile guztiei hara hurbildu izana eskertu ondoren eta babesleei beraien laguntza eskertu ondoren urteko balantzetxoa egin zuen (askorik luzatu gabe).

Han ginen guztien artean Tropela Elkarteko kamiseta batzuk zozketatu ziren eta urtero legez, irabazle guztiak podiumera igo eta famili-argazkia atera genuen. Bukatzeko, zizka-mizka batzuk dastatzeko aukera izan zen ordu horretan gorputzak ederki eskertzen baitu. Honela, alaitasun giro ederrean, nahi izan zuten guztiek euskal txirrindulariekin egon ahal izan zuten eta baita Tropela Elkarteko kideekin ere. Zorionak irabazle guztioi eta gogoratu Espainiako Itzulia laister dugula gainean!