Esnea belztu da!

Gaur egun handia izan behar zuen Kaiku taldearentzat. Txirrindularitzako 3 itzuli handietako batean parte hartzeko gonbidapena jaso behar zuten. Gaur, Espainiako Vueltak 2 gonbidapen banatu behar zituen. Esnekien taldeko pertsonek Vueltaren antolatzailea den Unipublic-ekin izandako harremanek baikor izatera derrigortzen zituzten. Iaz ez bezala, aurten kirol arloari garrantzi gehiago emango ziotela zioten antolatzaileek. Gonbidapen bat Comunitat Valenciana taldearentzat izango zela jakina zen. Hor ez dago ezer esaterik, merezita. Eta bigarrena, berriz, Kaiku eta Relax taldeen artean borrokatu behar zutela zioten aditu guztiek. Horrela izanik, Kaikukoek iaz lortutako garaipenekin eta postu on guzti horiekin gonbidapena beraiena izango zela uste zuten. Baina usteak erdia ustel. Azkenean, kaka zaharra! Beti bezala, antolatzaileek nahi dutena egiteko eskubidea dutenez, sudur puntan jarri zaiena gonbidatu dute, Relax. Iaz, garaipen bakar bat ere lortu ez zuen taldea eta ezer erakutsi ez zuena. Eta Kaikuren geroa beltz, oso beltz.
Eta hori gutxi balitz, gaur goizean, Murtziako Itzulia hasi aurretik UCI-k egindako odol analisien ondorioz, Ricardo Serrano Kaikuko txirrindulari espainiarra, “ez gai” kontsideratu dute. 15 egunez ezingo du lehiatu eta ondoren berriz egin beharko ditu odoleko analisiak.
A ze eguna Kaiku taldearentzat! Hobe argitu izan ez balu!