16. etapa: Mourenx – Pau

Pirinioetako azken etapa burutuko dute txirrindulariek gaurkoan, Mourenx eta Pau artean 180,5km-tan pedalei eman ondoren. Aurreko bi egunetan garbi geratu da, ezbeharrik ezean, aurten ere Lance Armstrong izango dugula horiz jantzita Parisko kaleetan. Basso izan daiteke podioan bere alboan eta hirugarren postua Rasmussen eta Ullrichek jokatu beharko dute larunbateko erlojupekoan, ostegunean Mende-n bukatzen den etapak besterik esaten ez baldin badu behintzat.

Gaurko etapa, Pirinioetako hirugarrena izanda ere, ez da sailkapenean aurrean dauden txirrindularien artean borroka ikusteko aproposena. Hobea da sailkapenean atzeratuxeago dauden (10. postutik atzerago dagoen jendea)eta ihesaldiari probetxua atera ondoren postu dezente aurreratzeko erabiltzeko. Ez zait iruditzen Basso, Ullrich, Rasmussen, Mancebo, Landis edo Leipheimer bezalako txirrindulariak gaurko mendateetan mugituko direnik eta hala baldin bada euren taldeak izango dira erasoaldi horiek behera botatzen jardungo dutenak. Duten postua mantentzeko lanetan gehiago ikusten ditut, arriskatu eta goragoko postuen begira baino.

Ia egunero bezala etapa hasieran ihesaldi bat sortuko da eta ezusteko handirik ezean ihesaldia Pau-ko kaleetara tropelari aurre hartuta iritsi daiteke. Zein sartuko diren ihesaldi horretan? Zaila benetan asmatzea, baina aurreko eguneko estrategia berdinari jarraituz, Hincapie ihesaldian sartu zutenean bezala, Discovery taldeak oraingoan Popovych izan daiteke bertan, kontrol lana egiteko aitzakiarekin, ihesaldiaren atzeko partean jarri eta lan gehiegirik egin gabe sailkapen nagusian aurrera egiteko arriskua izanez. Beste iheskide posible batzuk Mazzoleni, Casar, Contador, Jaksche, Kashechkin, Julich, Fedrigo, Garate, Arroyo, Goubert, Gilbert, , Kessler, Q. Gutierrez, Egoi Martinez, Mayo (gaurko izan daiteke, ostegunekoarekin batera agertzeko azken aukera) bezalako txirrindulariak izan daitezke. O’Grady ere ziurrenik saiatuko da ihesaldi horretan sartzen bai baitaki tropelari aurre hartuta ez bada mendateak igotzen hasten denbora asko galduko duela eta horrekin batera mailot berdea irabazteko aukera txikiak galduko dituela. Ihesaldietan lortutako puntuekin du mailot berdea irabazteko aukera eta justu horretantxe saiatuko den susmoa daukat. Agian gaurkoa ez du horretarako aproposena baino ziur astean zehar ihesaldietan sartzen saiatuko dela.

Garaipena ihesaldian sartzen direnen artean jokatuko dela iruditzen zait, ez baitzait iruditzen tropelean esprintera iristeko asmoarekin lana egiteko gogoarekin talderik izango denik eta gogoa izanda ere indarrak faltako direla iruditzen zait. Beraz, garaile posible bat emateagatik eta ezusteko bezala Eddy Mazzoleni esango dut, bere taldean Cunego eta Simoniren faltan, Tour polita egiten ari den italiarra.