Beltran, Beltran

Liquigas eta Beltranen positiboaAskok morboa sustatzearen errudun joko nauzue, baina ezin dut utzi albo batera atzo jaso genuen berri hau. Gainera niri ematen didate amorrurik gehien holako gertaerek, inguruko askok tribialki jotzen baitituzte txirrindulari guztiak “dopatzailetzat”. Eta horrek sutu egiten nau.

Hau esanda, Jaengo 37 urteko ziklistaren positiboak izango dituen ondorioak aipatu nahi nituzke. Hasteko, dakizuen bezala Beltranek EPOarekin positiboa eman zuen A laginarekin. Gogoratu gero zein tirabira izaten diren B laginekin, baina oraingoz lehenengoak positiboa eman du. Ondorioz, Pozzato eta bere taldekideek (Kreuziger, Nibali,…) lasterketan jarrai dezaten Beltran taldetik alboratu dute. Beraz, oraingoz, Liquigasek lasterketan jarraitu ahal izango du.

Gendarmeek taldearen hotela miatu zuten eta zehazki Beltranen gela. Nik behintzat ez dut ezer aurkitu dutenik jakin. Gauzak honela, dirudienez dopaje kasu honek txirrindulari andaluziarrari bakarrik eragingo dio. Beltran atxilotua izan zen eta goizeko 3ak arte eduki omen zuten komisarian, baina dagoeneko aske eta etxera bidean omen da.

Eta hemendi aurrera zer? Aurretik esan bezala, B laginaren azterketaren zain izan beharko gara. Beltranek bere errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatzen ari da eta zenbait txirrindulariren B laginak positiborik ez duela eman gogoratu nahi izan du. Ez dakit zuek, baina nik behintzat ez dut horrelakorik gogoan Tourrean eman diren kasuetan. Ikusi beharko da.

Liquigasi dagokionez, Beltranen EPOa baieztatzen bada ez da Espainiako Itzulian izango.

Argazkia: www.marca.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.