Mayoren laginak II. Positibo baieztatua

Mayo_giro07Aurrekoan kulebroiaz hitz egiten nizuen eta ikusten duzuen bezala hala suertatzen ari da. Seguru oraindik zer esan handia emango duela eta izenburuan islatzea erabaki dut, Hollywoodeko pelikula onen jarraipenei bezala hasierako tituluari erromatar zenbaki bat gehituz.

Ia bi hilabete pasa dira Mayoren negatiboa jakin genuenetik eta 24 ordu gutxiago Pat McQuaid-ek gaur ezagutu dugun kontra analisiaren kontra analisia nahi zuela aurreratu zuenetik. “Mayoren laginak”en aurreratzen nizuena jazo da, hots, azterketa honek positibo emango zuela. Ez ditut arrazonamenduak errepikatu nahi, beraz, jakinmina baduzue, idatzitakoaren azken artikuluak irakurri ditzakezue.

Chatenay-Malabry laborategiak positiboa emateaz gain, berria Jose Rodriguez Mayoren abokatuak eman du. Abokatuaren hitzetan emaitza hau errekurritu egingo omen dute ez baita txirrindularitzaren araudian kontraanalisiaren kontraanalisirik egiterik aurrikusten. Forma hakats hau onartuko balitz emaitzak zilegitasuna galduko luke eta Mayo errugabe izango litzateke. Hau da abokatuak bere bezeroa defendatzeko duen bide bakarra eta noski, ezin besterik egin. Onartuko al dute errekurtsoa? Uste dut intrinsekoki erantzunda dudala galdera hau.

Errekurtsoak errekurtso, adierazpenak adierazpen,… Mayo erruduna al da? Zientzia ikuspegitik lau analisi ditugu, bat A laginarenak eta hiru B laginarenak (garbi dago etekinik handiena B lagin horri atera diotela). Lehenengoaren emaitzean EPO sustantzia agertzen zen eta B laginean batek EPOa zegoela zioen, besteak ezin zela zehaztu eta hirugarrenak ez zegoela. Estatistikoki, %50ean positibo eman duela esan daiteke eta gainera bi lagin ezberidinetan positiboko emaitza bana dugu. Orain, bi positiboak laborategi berak eman ditu, Frantziako Chatenay-Malabry laborategiak. Datuak beste era batetara antolatuta hiru laborategitatik positiboa batek bakarrik baieztatu duela esan dezakegu, %33ak hain juxtu. Datu hauek guztiak zaku berean sartuta zein ondorio atera dezakegu? Nire ustez ezin dezakegu zientzia ikuspegitik ondorio garbirik atera.

Dudan inpresioari dagokionez, aurreko atalean Mayok Kalakan egin zuen agerpena ekartzen nuen gogora. Orduan ez nion sinistu. Arrez geroztik Euskadi Irratian orain bi-hiru aste Faktorian elkarrizketa egin behar ziotela jakin nuen baina ezin izan nuen entzun zoritxarrez. Ez dakit zer esan zuen, beraz, ez dut iritzirik aldatu, ez onerako ez txarrerako. Beraz, nik dudan sentsazioaren arabera Mayo erruduna da. Gustura izango nuke Mayo aurrez aurre galdera zuzenean egiteko.

Mayo Pat McQuaiden “turko-buru“a da. Era batera nahiz bestera Mayo errudun izango da. Bere abokatua gogor saiatu bi urteko zigorretik salbatzeko, baina bide zaila dute, oso zaila. Ez zait iruditzen Mayo berriro sekula Tourrean ikusiko dugunik. (jarraituko du)

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.