Igor Anton erori egin da eta Vuelta utzi du

nibaliPena da. Handia gainera. Espainiako Vuelta bero -bero dagoen honetan, Igor Antonek etxerako bidea hartu behar izan du. Nire adiskide batek Euskaltel Euskadiko txirrindulariaren sasoiak berotuta edo, gogorarazi zidan aurreko batean duela bi urteko Vuelta, Anglirura bidean erori izan ez balitz, Contador estu har zezakeela. Batek daki. Kontuak kontu, aurten bai bazirudiela bere Vuelta izan zitekeela, baina berriz ere eroriko batek bere bidea eten egin du. Galdakaoko igotzaileak erorikoa izan du helmugatik zazpi bat kilometrora, txirrindulariak azken aldapari ekiteko pronto zeudela. Niri Joseba Belokiren Tourreko erorikoa etorri zait burura, nahiz eta hura larriagoa izan zen. Baita Abraham Olanorena 1999ko Vueltan; saihetsa hautsita igo zuen Angliru, baina handik egun gutxira erretiratu zen.

Igor bakarrik ez; Egoi Martinezek ere min hartu du gaur -Antonekin batera jausi da- eta itzulia utzi behar izan du. Tropelakook animoak bidali behar dizkiogu Igor Antoni, ea datorren denboraldian poz handiak ematen dizkigun. Irabazitako bi etapek, behintzat, erakutsi digute etorkizunean gozatu ederra hartuko dugula Igor maldan gora ikusita.

Gainerakoan, Purito Rodriguezek irabazi du Peñacabargako gainean, eta Vincenzo Nibali lider jarri da. Igandean, Covadongako Lakuak, eta astelehenean Cotobello. Tamalez, Igor Anton gabe.

Argazkia: Sirotti