Valverdek irabazi du 2009ko Vuelta

Valverde. 2009ko Vueltako garailea izango daBai, badakit ez dela Vuelta oraindik bukatu baina guztia erabakita dago. Segur aski izenburu hau astelehenean jarri izan banuen ere zuzena zatekeen.

Blogeko iruzkin batean nioen gidoi bati jarraiki joan dela Vuelta orokorrean. Argudio hori gaurko erlojupekora estrapolatuta baliozkoa da. Millarrek irabazi du etapa, Samuel Sanchezek guztia eman du etapa garaipenaren lehian sartzeko (Euskaltel-Euskadik ez baitu etaparik irabazi), baina bigarren izan da, eta ez sailkapen nagusian aurrera egiteko ezinezkoa baitzuen (beno, bai, Valverdek eroriko bat izanda edo?). Evansek (beharbada espero baino erlojupeko pattalagoa eginda) sailkapen nagusiko 3. postua eskuratzea lortu du Bassoren kaltetan. Ez baduzue ikusi ez duzue ezer galdu. Eskerrak ez duen eguraldi onik egin amorrazioak hartuko baininduke etapa aspergarri hau ikusteagatik etxean geratu izanak.

Konparazioak gaiztoak omen dira, baina etapa ikusten ari nintzela euria falta bota dut. Bai, Italiako Giroako azken etapa zenbaterainoko ona izan zen ohartu naiz Toledoko parajeak ikusiaz erreferentziak ematen ari ziren bitartean. Vueltak ez dauka beste lasterketa handien erakargarritasunaren erdirik ere nire ustez. Ez dakit ziur zergatik kendu nahi duten urre koloreko maillota eta kolore gorrikoa jarri; beharbada Espainiako Vueltan jaitsiera postuetan dagoelako, larrialdi egoeran?

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.