Velosok garaipena Xorret del Catin

Veloso. 2009ko Vueltako 9. etapan garaipenaEtapa jarraitzeko aukera izan duzuenok ados izango zarete aspergarria izan dela diodanean Xorret del Cati igotzen hasi diren arte. Ihesaldia aurretik eta atzetik 6 minututik gorako atzerapenarekin tropela. Eskerrak Xorret del Catin sua piztu eta faboritoen arteko lehia ikusi dugun. Etapa garaipena Velosorentzat izan da eta faboritoen artean nagusi Valverde, Vueltako lider berria.

Hasiera hasieratik izan dira mugimenduak tropelean ihesaldia sortzeko eta lortu dutenak Veloso, Taaramae, De la Fuente, Ramirez Abeja, Marzano, Devolder eta Sanchez Pimienta izan dira. Esan bezala tarte handiak izan dituzte tropelarekiko eta Xorret del Cati igotzen hasi arte eutsi ahal izan diote.

Azken 8 kilometroetan Taaramae, Marzano, Veloso eta De la Fuente mugitu dira. Gainontzeko iheskideek jada ezin zioten erritmoari jarraitu 180 kilometro egin eta gero. Laukote honetan indartsuen Taaramae izan da. Hasieran Marzano eta De la Fuentek jarraitzeko saiakera egin dute baina ezin. Cofidiseko estoniarrak hasieran tartea irekitzea zuen helburu eta gero eustea, baina Xorret del Catiko ia %20ko maldek ia aurrera egin ezinda utzi dute. Momenturen batean bazirudien hanka lurrean jarri beharrean izango zela. Atzetik, tarte batera baina erritmo egokiagoan, Marzano eta Veloso zetozkion eta Taaramae harrapatzeko gauza izan dira. Xacobeko galiziarra, ordea, italiarra baino indartsuago zen eta aurrera egitea lortu du helmugaratu den arte. Merezitako garaipena Velosok lortu duena. Taaramaek txakalaldi galanta izan du eta azkenean 8’47”ra helmugaratu da.

Atzean faboritoak ez zeuden lo hartzeko. Kiriyenka eta gainontzeko Caisse D’Epargneko talde kideak lanerako zituen Valverdek. Rodriguezek aurrera egin du tropel nagusitik beranduago Valverdek erasoa jo eta hurrengo metroetan laguntzeko. Halaxe egin du murtziarrak, baina liderraren maillota eskuratzeko ahaleginean, Evans eta Bassok ederki erantzun diote eta uneoro Silence-Lotoko eta Liquigaseko liderrak bere gurpilean izan ditu. Bitartean Samuel Sanchez ez zen faboritoen artean ikusten.

Dakizuen bezala lehen 3 postuentzako gain-sariak daude eta horiek behar zituen Valverdek Evansi 2 segundoko tartea kendu ahal izateko gurpiletik atera ezin zuela ikusita. Dagoeneko Veloso helmugaratua zen, baita Marzano ere. Hirugarren postua behar zuen murtziarrak. Helmuga Xorret del Cati gainetik 3 kilometrora izanik, jaitsiera azkarra egin du Valverdek eta helmugaratzerako orduan De la Fuente harrapatzeko gauza izan da gainontzeko faboritoan gurpilean zituela. Nahi duzuena esango duzue, baina garbi garbi, De la Fuentek Valverde esprinta egiten ari zela ikusi duenean hanka jaso du 8 segundoko gain-saria, eta beraz, lidergoa jaso zezan. Eztabaidarako gaia zalantzarik gabe.

Gaurko etaparen ostean Valverde da lider berria, 2. Evans 7 segundora eta 3. Gesink 37ra. Samuel Sanchezek gaurko atzeraldiaren ondorioz, 6 posturaino atzeratu da.

Lehen euskaldunari dagokionez, Haimar Zubeldiak jarraitzen du 9. postuan, atzo baino postu bat atzerago.

Guztiek Valverde lider nahi dute

Gaurkoan bi gauza ikusi ditut eztabaida gai jarri nahiko nituzkeenak. Alde batetik De la Fuentek hanka jaso izana Valverdek gain saria jaso zezan (nik hori ikusi dut behintzat). Ulertzekoa alde batetik Matxinen txirrindulariak egin duena, baina bestaldetik, Evansi dagokionez, itsusi samarra. Adi izango naiz australiarrak gaiaren inguruan esaten dituenez, ziur bainaiz esango dituela.

Bigarrenik helmugan antolatzaileek Valverde eta De la Fuenteren artean segundo bat izan dela jarri dute. Evansi De la Fuenteren denbora bera eman diote. Zuek horrela ikusi al duzue? Nire ustez zalantzarik gabe Valverde eta De la Fuenteren artean segundo bat egon bada (nik ez dut ikusi segundo hori) beste horrenbeste beharko zukeen De la Fuente eta Evansen tropeltxoaren artean. Sailkapenak ikusterakoan, zinez, honek harrituta utzi nauela. Garbi da, bai, Murtziara sartzerako Valverdek bai ala bai urrezko maillota izan zezan interes asko daudela, nire iritzi apalean behintzat.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.