Eguzkiak gogor jotzen zueneko istorioak

Kelly, Paris-Nizako liderraren maillota soinean eta etapa irabaztenUrtemugekin jarraituz, 25 urte dira Migel Indurainek bigarren aldiz jarraian irabazi zuela Eguzkiaren lasterketa. Txirrindulari nafarra zailtzen ari zen, doi-doi, eta 1990an nola Paris-Nizan hala Tourrean -Luz Ardideneko etapa irabazi zuen- eta Donostiako Klasikoan aurreratu zuen etorriko zena. Indurainek 1990ko Paris-Nizako Mont Faroneko etapa irabazi zuen -bosgarrena zen- Fignonen aurretik, lider jarri zen eta lehen postuari eutsi zion. Roche sailkatu zen bigarren zortzi segundura eta Leblanc gaztea hirugarren.

Edozein modutan, Paris-Niza izen batekin lotu behar bada, hori Kelly da. Ez alferrik, irlandarrak zazpi aldiz jarraian irabazi zuen proba, 1982tik 1988ra. Bere lasterketarik kuttuna zen, dudarik gabe. Kolore guztietako garaipenak pilatu zituen Kellyk. Batzuetan, estu eta larri, aurreneko urtean bezala; Duclos-Lassalleri Col d’Eze-ko kronoigoeran, azken etapan, kendu zion lehen postua. 1984an eta 1985ean, irlandarren arteko norgehiagoka gogoangarria izan zen; Kelly lehen postuan eta Roche bigarren. Bere azken garaipenean, bestalde, 1988an, Euskal Herriko Kas-Canal 10 taldeko maillota zeraman soinean Carrick-On Suirreko semeak. Argazkia: madegood.org