VDB joan zaigu…

Idazten hasi aurretik “Username” sartu behar, eta… bai, nirea, VDB. Goizean albistea irakurri dudanean, Garcia Marquezen eleberri baten titulua etorri zait burura: “Crónica de una muerte anunciada”. Izan ere, azkeneko urteetan asko geratu dira bidean, antzeko egoeran, batzuk oso esanguratsu eta mediatikoak: “Chava” Jimenez, Pantani… eta orain Frank Vandenbroucke belgikarra.

vandenbrouckeLabur egingo dut. Debutatu zuenetik (1994) zeresana eman du, eta ematen segituko du. 1999ra arte 50 garaipen eskuratu zituen eta ordutik hona oso gutxi, baina palmares ederra utzi du. Hori bai, zeresana nonahi eta noiznahi: dopinagatik, emaztearekin sesioan ari zela eskopetarekin tiro egiteagatik, mozkor gidatzeagatik, suizidio ahaleginagatik… Baina, urtero-urtero, zeresanak zeresan, beti fitxatzen zuen talderen batek, eta horrek harritzen ninduen gehien; beti ematen zioten aukeraren bat, guztiek animatzen zuten, baina bere barrua gutxinaka-gutxinaka itzaltzen ari zen.

Niri, momentu bi datozkit bereziki gogora, biak ere etapa berekoak: 1999ko Espainiako Itzuliko 19. etapa. Batetik, Navalmoralen egin zuen sarraskia. Mendate pankartapean VDBren atzetik pasa ziren Heras, Igor Gonzalez Galdeano, Ullrich, “Chava” eta Piepoli. A ze seikotea, zentzu zabalenean; eta bestetik, Avilako bukaera, Zarrabeitia eta motorista aurrean eraman ez zituenean… Bideoa orain ikusi eta bi Pedroen komentarioak entzunda, zer esango dizuet ba…

“Sporza” webguneak belgikarrari eskaini dion bideo honekin bukatuko dut, VDBren urte handiak. Puf, a zer-nolako klasea zeukan; hori ez dago ukatzerik.

Orain, orriak eta orriak idatziko dira haren heriotzaz, nola hil zen, zergatik, eta abar, baina ziklismoak bide beretik segituko du; hori seguru. Eta beste bat jausiko da, eta beste bat…

Avilako harresiak umezurtz geratu dira…