Tropela Elkartearen eta Euskal Herriko Itzulia zein Donostiako Klasikoaren arteko elkarlana eten da

Duela 4 urte OCETA elkartearekin (Organizaciones Ciclistas Euskadi / Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak) hasitako elkarlanarekin ez dugula jarraituko jakinarazi nahi du Tropela Elkarteak.

Tropela Elkartea OCETArekin lanean hasi aurretik egoera hau zen:

*  Euskal Herriko Itzuliak eta Donostiako Klasikoak ez zuten webgune propiorik. Egunkari baten azpidomeinu bat erabiltzen zuten webgune ofizial gisa, komunikazioa batez ere gaztelera hutsean izanik eta apenas eguneratua

*  Lasterketek ez zituzten sare sozialik

 

Hori horrela, eta OCETArekin adostasunean, Itzulia zein Klasikoarentzat webgune propioak garatu zituen eta kudeatzen aritu da Tropela Elkartea ordutik, baita sare sozialak zabaldu ere. Gorabeherekin, tartean arlo digitalari ematen zaion garrantzi txikia eta aurrekontu eskasa (Tropela Elkarteak bere gain hartu ditu garapenaren eta kudeaketaren hainbat gastu), baina 4 urtez Itzuliaren eta 3 urtez Klasikoaren webgune zein sare sozialen atzean egon gara.

Gure kudeaketa digitalaren ezaugarri aipagarrienak honakoak izan dira:

* Eleaniztasuna. Euskara ardatz izan duen baina 3 hizkuntzetan eman den komunikazio digitala (euskara, gaztelania, ingelesa)

* Profesionaltasuna. Txirrindularitzaren eta teknologia berrien azken aurrerapenen jarraipena eta ahal zein heinean aplikazioa, World Tour mailako beste lasterketen pare

* “Itzulia” zein “Klasikoa” marka edo izenen erabilera, lasterketen identitate propioa indartu eta nazioarteko eragina handitzeko

 

Aurten baina, antolakuntza barruan izan den egitura aldaketarekin batera egoera guztiz aldatu da. Norberak bere irakurketak egingo ditu, baina gure ikuspuntutik ezin dugu esan onerako izan denik. Hasieratik konfiantza falta ikaragarria eta gure lanaren inguruko ezagutza falta handia sumatu genuen oraingo zuzendaritzaren aldetik.

Aurtengo Itzulian lanean aritu gara, OCETAk hala eskatuta, baina antolakuntzaren ikuspegia oso desberdina dela nabarmen ikusi dugu. Arestian aipatutako kontuez gain, biziki kezkatu gaitu antolakuntzak hizkuntza kudeaketaren inguruan azaltzen duen arduragabekeriak. Horren adibide argiak dira prentsa arduradun berriaren izendapena eta euskarazko domeinuen eta traolen erabileraren inguruan etengabe azaldu dizkiguten zalantzak.

Egoera deseroso honetan, Tropela Elkartearen eta OCETAren arteko lankidetza hemen amaitzen dela jakinarazi nahi dizuegu. Tropela Elkartea, beraz, ez da Euskal Herriko Itzuliko eta Donostiako Klasikoko webgune zein sare sozialen arduradun izango, nahiz eta guk horretarako gogoa adierazi eta proposamen sendo bat aurkeztu antolakuntzari.

Eta ezin uka kezkatuta gaudela. Azken urteetan egindako lana, eta euskarari, internazionalizazioari eta teknologia berriei dagokienez emandako urratsak ezerezean geratzeko arriskua hortxe baitago.

Tropelaren jarraitzaileei honen berri eman beharrean sentitu gara eta 4 urte hauetan proiektu honetan lagundu gaituzten kide, garatzaile, kazetari, argazkilari, txirrindulari, talde eta beste hainbat lagunei gure esker ona adierazteko ere aprobetxatu nahi genuke. Beraiek gabe ezinezkoa izango baitzen urte hauetan egindako lana burutzea.

Guk zabalduriko bide eta lan ildoak mantenduko diren esperoan, onena opa diegu Itzulia eta Klasikoari, gu guztion lasterketak baitira.

 

PDF Euskaraz

PDF Castellano