Aubisque (Pirinioak III)

aubisque

Col d’Aubisque da, zalantzarik gabe, Pirioetako mendate ezagunenetakoa. Tourmaletetik nahiko gertu dago eta haren maldetan izan da zer kontatua 1910etik hona. Pasadizo gutxi batzuk ekarriko ditugu gogora Tropela.net-eko zale guztientzat. Aubisqueren historia txikia, nolabait.
1951ean, Wim Van Est holandarra, lider zela, amildegitik behera erori zen jaitsieran. Zorionez, ez zitzaion ezer larririk gertatu, baina ezin izan zuen Tourra irabazi; Hugo Koblet suitzarrak etxeratu zuen.

1955an gogoangarria izan zen Louison Bobet frantziarra eta Luxenburgoko Charly Gaulen arteko borroka Aubisquen gora. Gaul igotzaile aparta zen, baina Bobetek eutsi egin zion eta mailot horiarekin bukatu zuen urte hartako Tourra.

1972an Bernard Thevenet frantziarra izan zen jauzi zena. Luis Ocaña izan zen erortzen lehena, eta haren atzetik joan ziren Thevenet, Van Impe eta Santy. Thevenetek konortea galdu zuen, eta bere onera itzultzean, euria ari zuenez, uste zuen negua zela eta ez zekien Tourrean zegoela. Are gutxiago, noski Aubisque igo berria zuela. Thevenet bere onera itzuli zen eta urte hartako Tourra ez zen batere txarra izan, Mont Ventoux eta Ballon d’Alsacieko gainetan gailendu baitzen.

Irlandarrentzat ere bada berezia mendate hau. Sean Kellyk Aubisquen mailot horia galdu zuen 1983an, eta orduantxe ohartu zen, nolabait, nekez irabaziko zuela Frantziako Itzulia. Txanponaren beste aldean, Stephen Rochek 1985an etapa irabazi zuen –Soulorren amaitu zen etapa hura-.

Eta bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi duela hamar urte gertatutakoa. Javier Otxoak etapa gogoangarria irabazi zuen Hautacamen. Etapa beldurgarria izan zen; luzea eta horretaz gain, euria goian behean. Txirrindulari bizkaitarrak bakarrik egin zituen kilometro asko, Aubisque lasterketaren buruan igaro zuen eta azken mendatean gorriak ikusi bazituen ere, Armstrong orpoz orpoz zuelako, azken bururaino eraman zuen ihesaldia eta etapa irabazi zuen.