Lehen heroiak: Lapize, Garrigou, Lafourcade… (Pirinioak II)

1910eko uztailaren 21ean jokatu zuten mendiko lehen etapa handia Tourrean. Txirrindulariak Luchonetik atera ziren ordu txikitan: 03:30ak inguru. Lehen mendatea, Peyresourde. Gustave Garrigou eta Octavie Lapize pasatu ziren buruan. Hurrengo malda, Aspin. Lapize pasatu zen guztien aurretik, eta hiru minutura Garrigou. Gezurra dirudien arren, jendetza zegoen ordurako errepide bazterrean. Txirrindulari guztiek merezi zuten gero. Aldeak alde, elkarrekin ekin zioten Tourmalet handiari biek. Lapize izan zen gainera iristen lehena, baina hanka lurrean jarri behar zuen aldapatzarra gainditzeko. Bigarren postuan zihoanak, Garrigouk, pedalei eman eta eman igo zuen Tourmaleteko malda. 07:30ean igaro ziren lehen txirrindulariak mendatearen gainetik.
Eta hara non Francois Lafourcade biarnotarrak lasterketa irauli zuen. Aurretik zituenak atzean utzi, eta buruan igaro zituen Soulor, Tortes eta Aubisque mendateak. Haren atzetik zihoana, Lapize, larri zebilen, izan ere Albini italiarrak aurrea hartu zion Oloronen. Horrekin nahikoa ez, eta Lafourcade ere gainditu zuen Albinik.

Hala ere, etaparen luzeak eragina izan zuen txirrindulari guztiengan eta Octavie Lapizek gorputzaldiari buelta eman zion. Lehenik eta behin, Lafourcade aurkitu zuen bidean. Baita atzean utzi ere. Albini ere harrapatu zuen, eta azken metroetan garaitu zuen. Octavie Lapizek, beraz, irabazi zuen Tourreko mendiko lehen etapa handia. Handia eta luzea -326 kilometro-. 14 ordu eta 10 minutu behar izan zituen handik egun gutxira Tourra irabaziko zuen ziklistak Luchon eta Baiona arteko bide malkartsua egiteko. 17:30ak pasata iritsi ziren helmugara. Lapize, Lafourcade, Garrigou, Albini… Horiek guztiak heroiak izan ziren. Haien izenak letra larriz idatzi behar dira Tourreko historian ezinbestean. Eta ezin ahaztu Alphonse Steines, noski. Berak ez zien pedalei eragin egun hartan, baina Tourra hasi baino aste batzuk lehenago Tourmaleta igarotzen tematu izan ez balitz, etapa hura ez zen jokatuko.