Lokomotora suitzarraren nagusitasuna

2009ko Suitzako Itzulian Cancellara nagusiGaurkoan Cancellarak sasoi betean dagoela erakutsi du. Aurreko post-ean esaten genuen bezala, atzoko etaparen ondoren argi zegoen Cancellarak dena alde zuela 2009ko Suitzako Itzulia bereganatzeko eta ez du hutsik egin.

Ikustekoa izan da Saxo Bankeko liderrak eman duen erakustaldia gaurko erlojupekoan. Denbora tarte guztietan aurreko txirrindulari guztien denborak erraz gainditu ditu. Beharbada maldan gora joatea egokitu zaionean erritmoa jaitsi egin du Kreuziger aurreratu duenean gertatu den bezala, baina lauan ez du barkatu.

Gaurko erlojupekoan ez du areriorik izan eta horretaz jabetzeko bigarrenari, Toni Martini, atera dion denbora tartea begiratu besterik ez: 1’27”. Ikaragarri Tony Martin gaurko erlojupekoan eta baita itzuli guztian zehar: etapa garaipena, mendiko maillota eta sailkapen nagusian itzuliko bigarren gizonik indartsuena. Hirugarren, berriz, Kreuziger Liquigaseko txirrindularia. Hau ere erlojupekoetan ondo ibili ohi den txirrindularia izaki gaurko erlojuaren kontrako saioan Cancellarak pasa izanak ez diola graziarik egin esango nuke.

2002az geroztik ez zuen suitzar batek etxeko itzulirik irabazten. Azkena Zulle ezaguna izan zen. Pozak zoratu ditu bai Cancellara bera, baita familia bera ere irudietan ikusi ahal izan dugunez. Egia da aldi berean aurtengo Suitzako Itzuliak mendiko etapa gogorregirik ez duela izan eta horrek asko erraztu diola garaipenerako bidea suitzarrari. Ikusi beharko da Tourrerako zein jarrera hartu beharko duen Cancellarak, sailkapen nagusiaren bila joan ala Schleck anaiei lagundu.

Gaurkoan pena gehiena eman didana Valjavec izan da. Cancellarak bere lanak bukatuta eta itzulia poltsikoan zuela, Ag2Reko txirrindulariak merezi zuen besteko arretarik ez duela izan iruditzen zait. Egia da ez duela batere erlojupeko onik egin (59. postuan sailkatu da etapan).