Gorka Izagirre

Italiako Giroa iristearekin batera, esan dezakegu denboraldiko lehen zatia amaitu dela: udaberria, horrek dakartzan lasterketa zoragarri guztiekin, historia da jada.

Eta agian ez gara gehiegi ohartzen, baina historia egitetik oso gertu dauden batzuk Izagirre anaiak dira, Gorka eta Ion, Ion eta Gorka, zein baino zein RockStar-ago.

Denboraldiko palmaresetan agertu zen lehenengoa Gorka izan zen, Down Under Tourreko mendiko lehen etapan bigarren postua lortuta (sailkapen nagusian ere, hiru egun egin zituen bigarren postuan). Baina anaia nagusiaren gailurra heltzear zegoen: Paris-Niza lasterketan, laugarren geratu zen amaierako sailkapen nagusian, eta erlojupekoan ere postu bera eskuratu zuen. Sekulakoa: 14 urte egin behar da atzera, 2003ra arte, beste euskaldun bat aurkitu arte hain goian lasterketa horretan. Urte hartan, Mikel Zarrabeitia bigarren geratu zen Vinokouroven atzetik.

Ondoren, askatasuna izan duen bi probetan (Miguel Indurain Saria eta Zornotzako Klasikoa), Gorkak ondo jokatu ditu bere aukerak, batez ere Zornotzan, hiru urtez besoak jaso gabe egon ondoren berriz ere pribilejio horretaz gozatzeko aukera izan baitu.

ion-izagirre-bahrain-merida-amstel-gold-race-2017-905x603

Eta Ionen denboraldi-hasieraz, zer esan? Taldez aldatuta dago aurten anaia gaztea, eta oraindik garaipenik lortu ez badu ere, hortxe-hortxe ibili da udaberri osoan, eta ez dirudi urrun dagoenik Bahrain-Merida taldearen maillotarekin lortuko duen lehen garaipena: 11 aldiz egin du Top10, ez da datu makala! Eta astebeteko itzulietako sailkapen nagusietan lortu dituen postuak ere nabarmentzeko modukoak dira: zazpigarren Paris-Nizan, hirugarren Euskal Herriko Itzulian eta bosgarren Romandiako Tourrean. Gainera, Ardenetako Triptikoan ere izugarri ibili da: bosgarren Liejan, zazpigarren Amstelen, eta hamabigarren Flèche Wallonnen. Berriz ere estatistiketara eta historiara joz: Liejari dagokionez, 2003tik ez zen euskaldun bat hain gora heltzen, Iban Mayo bigarren geratu baitzen orduan. Eta Amsteli dagokionez… hona hemen datu historikoa: euskal txirrindulari bat ere ez da inoiz heldu aurten Ionek lortu duen posturaino, 1966an lasterketa hau sortu zenetik. Zer pentsa eman beharko liguketen zenbakiak, esku artean dugun harribitxi hau baloratzeko orduan.

Gorka eta Ion, Ion eta Gorka… Izagirre Rockstars, pedalei eraginez historia idazten!