Dotorea zen gero

Hugo KobletBizirik balego, hil honetan 95 urte beteko zituen Hugo Klobetek, Suitzak emandako txirrindularirik onenetakoa. Leo Amberg ziklista ohia ohartu zen Zurichen bazegoela txirrindularitzan bide luzea eta oparoa egin zezakeen txirrindulari gazte bat eta profesionalen bidean jarri zuen. Errepidean ezagun bilakatu aurretik, hainbat belodromotan jardun zen, tartean New Yorkekoan eta Chicagokoan. Kobletek 50ko hamarkadaren hasieran goia jo zuen, Coppi, Bartali, Bobet eta beste suitzar baten, Kublerren, garaikidea izan zen Koblet. Le pedaleur de charme esaten zioten, izan ere, ezer baldin bazen, elegantea zen Koblet bizikleta gainean, oso dotorea.

Frantziako Tourra eta Italiako Giroa irabazten lehen suitzarra izan zen. Aurrena Giroa, 1950. urtean, eta ondoren, Tourra, 1951n. Urte hura onena izan zen. Tourrean jaun eta jabe izan zen, bai erlojupekoetan bai mendiko etapetan. Bigarren sailkatuak, Geminiani frantziarrak 22 minutu gehiago behar izan zituen Frantziako itzulia bukatzeko, atera kontuak… Tourraz gain, Grand Prix des Nations erlojupeko luze ospetsua irabazi zuen, nor eta Coppi gaindituta.

Giroa bigarrenez irabazteko gertu-gertu egon zen 1953an, baina azken mendiko etapan, Giroak lehen aldiz Stelvio igo zuen egunean, Coppik loria kendu zion. Suitzako Itzulia (50ean, 53an eta 55ean) eta Romandiakoa (53an) ere garaipenen zakuan sartu zituen, baita Suitzako errepideko txapelketa ere (55ean).

Beste hainbat txirrindulari handik bezala, bukaera iluna izan zuen. Auto istripuan hil zen 41 urte zituela. Mingain gaiztoek esan zutenez, Kobletek bere buruaz beste egin zuen, arazo ekonomikoek itota. Garaipen handiak lortu dituzten txirrindulari suitzar gehiago izan dira, Rominger eta Cancellara kasu, baina Koblet aitzindaritzat jo daiteke, bidea ireki zuena.