Mikel Nieve: “Bat aukeratzekotan Euskal Herriko Itzulia aukeratuko nuke”

Mikel Nieve Mallorkako kontzentrazio hoteleanBatzuk dakizuenez, Sky talde britainiarrak Mallorkako Alkudia herrian ospatu zuen komunikabideetarako ate irekiko ekitaldian egon ginen. Munduko txirrindulari talde indartsuenetariko bat da Sky eta bertako txirrindularietako bat Mikel Nieve dugu, egungo euskal eskalatzailerik onenetakoa. Berarekin minutu batzuez gozatzeko aukera izan genuen bisita hartan.

-Nolakoa izan zen taldearen harrera lehengo urtean?
Mikel Nieve: Oso ona, kanpotik talde handia dela dirudi eta igual ba denak pixka bat handitasun horretan urrunago izan daitezkeela baina ez, jende oso arrunta, oso gertukoa eta egia esan, oso ondo hartu ninduten.

-Euskaltelen agurraren ondoren behintzat fitxaketa albiste pozgarria izango zen momentu hartan, ezta?
M.N: Bai noski, azkenean talde gabe geratu ginen denok eta holako talde batekin kontratua orduan sinatzeak poz handia eman zidan.

-Zer espero duzu aurtengo denboraldiaz?
M.N.: Hobetzen segitzea, helburuak lortzeko motibazio eduki behar dagoela aurrera egiteko eta urtero motibazio hori entrenamendutarako ere beharrezkoa da. Bai goraka bai erlojupekotan hobetu eta ongi nagoenean aukerak aprobetxatzen saiatzea espero dut.

-Egutegiari dagokionez, zeintzuk izango dira zure helburu nagusi pertsonal eta kolektiboak?
M.N.: helburu Andaluzia, Tirreno, Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa dauzkat. Nire asmoa maila onenean hasi eta gero printzipioz, Tourra eta Vuelta egingo nituzke. Nahi dudana da osasun arazorik ez izatea eta, ondo egin ezkero, eta nik nirea emanda, gustura egongo naiz.

-Aurten nabaritu ahal duzu atzerrian ezagunagoa zarela?
M.N.: Ez, atzerrian ez naiz gehiegi izan (irriabarrak). Ez bertan ez beste inon ez dut halakorik nabaritu.

-Gaur entrenamendu plangintza bat gertutik jarraitzeko aukera izan dugu intentsitatea eta lan espezifikoa azpimarratuko genuke. Nolakoa da orain egindako lanaren garrantzia urtean zehar?
M.N.: Oso garrantzitsua. Denboraldi hasiera inportantea da base on bat egiteko, ordu batzuk bizikletan eman eta hemendik aurrera lasterketak gertu izanda intentsitate hori handitzen joateko.

-Sky 2010. urtean etorri zen txirrindularitzara beste kirol batzuetan erabilitako metodologia aplikatuz. Zaila izan da lehengo lan ohiturak aldatzea?
M.N.: Ez, ez, azken finean entrenatzeko beste modu berri bat da, ongi etortzen dena pixka bat aldatzeko. Lehengo urtean oso gustura ibili naiz, gustatu zait hemengo lan era.

-Tourreko lehen hamarren artean bukatzea posible ikusten duzu Froome alboan izanda?
M.N.: Ez dakit, Frantziako Tourrean ibiltzen diren izenak ikusita beti zaila da baina top-10-ean sartzea. Ez da momentu honetan nire helburua; Frantzian nire maila altuena erakustearekin konforme geratuko nintzateke.

-Lasterketa bat helburu? Tirreno, Itzulia… ?
M.N.:  Ilusio handiena etxeko frogatan dut. Gustatuko litzaidake etxeko lasterketetan ondo ibiltzea baina ez da erraza izaten alergia garaia delako. Horretaz gain zorte pittin bat ere izan behar da. Bat aukeratzekotan Euskal Herriko Itzulia esango nuke.

-Itzuli handiak bi astetara laburtzeari buruz zein iritzi duzu? (Unai Aldasoro)
M.N.: Komentatzen da tropeleko izarrek hiru handiak egitea, baina ez dut planteatzen. Hala ere, betiko berdinek irabaziko luketela esango nuke.

-Posible da hiru handiak korritzea eta errendimendu onarekin?
M.N.: Gaur egun ez, nik ezinezkoa ikusten dut momentu honetan. Bakarra zaila da, bitan parte hartzea oso zaila eta hiruak ondo korritzea ezinezkoa ikusten dut. Baina, murrizten baldin badira agian bai.

-EH-n txirrindularitzak daukan indarra ikusita, zergatik uste duzu egin duela porrot geneukan talde bakarrak? (Gaizka Suarez)
M.N.: Arrazoi nagusia ez dakit zein izan den baina krisi garaia izan daiteke. Baina egia esan ez dakit.

-Murias Taldearen proiektuari ikusten diozu jarraitzeko aukera?
M.N.: Zergatik ez? Oso zaila da eta meritu ikaragarria dute. Ea aurrera egiten duen eta egungo Murias Taldeak gazteei ematen dien aukera horrek aurrera egitea.