Besterik gabe, dena jaten duen futbolaren aurrean Brasileko zaleei ziklismoarekin gozatzeko aukera ematen dien Tour do Riori erreparatu diogu. 26 urteko Juan Suarez kolonbiarrak irabazi du.
Donostiako Klasikoan, Brasileko ziklista bat protagonista izan genuen duela bi aste eskas, Murillo Fisher. Brasileko txapelduna eguneko ihesaldiko partaide izan zen. Tropel nagusira salto egin duten brasildar bakarrenetakoa da Fisher. Mauro Ribeiro ezin aipatu gabe utzi; 1991ean, Indurainek irabazitako lehen Tourrean, etapa irabazten lehen brasildarra izan zen. Gutxi, bai, baina Brasilen egon badira txirrindulariak. Hain zuzen ere, Tourraren itzalean eta haren zurrunbilotik kilometro askotara jokatu da Tour do Rio. UCIren barruan 2.2 puntuazioa du proba horrek. Ondorioz, talde eta ziklista ezagunik ez da izan, baina tropel zabalak parte hartu du, tartean izan da 39 urteko Ibon Zugasti. Lezon jaio arren, Katalunia du aspalditik bizileku MMR-Spiuk taldeko ziklistak.
Lehendabibiziko etapa Edgar Simon argentinarrak irabazi zuen esprintean, eta, jakina, lider jarri zen. Bigarren etapan, etxeko txirrindulari bat, Rafael Andriato, nagusitu zen, hura ere esprintean. Hirugarren etapa itzuliko nagusia izan zen; Three Riversetik abiatu ziren partaideak eta Teresopoliseko gainean izan zuten helmuga. Juan Suarez kolonbiarrak irabazi zuen, bi herrikideren aurretik, Jaime Castaneda eta Edward Beltranen aurretik. Azkenaurreko etapa, Magno Nazaret brasildarrak irabazi zuen. Ibilbidearen erdian kokatutako lehen mailako mendateak eta hortik helmugara bitarteko koskek pelotoia txikitu zuten; 14 ziklistek, tartean liderra eta Ibon Zugasti bera ere, bederatzi minutuko tartea atera zioten tropelari. Azken etapa Eric Schildge estatubatuarrak eskuratu zuen.
Teresopolisen bukatutako etapak erabakita utzi zuen sailkapen nagusia. Beraz, Juan Suarez kolonbiarrak irabazi du Tour do Rio. EPM-UNE talde xumean ari da Suarez, hortaz, Europan ez da asko lehiatzen. Dena dela, aurten bertan, besteak beste, Laudioko Sari Nagusian eta Errioxako Itzulian parte hartutakoa da. Brasilgo lehen ziklista Antonio Nascimento izan da; bosgarren sailkatu da.
Bitxikeria gisa, eta argazkian ikus daitekeenez, 1 Formulako lasterketetan bezala, koadrodun banderatxoa astintzen zoriontzen dute etapako irabazlea.
Argazkia: Marcio Rodrigues / Cyclingnews.com