Abraham Olanok pozgarritzat jotzen du Vuelta Euskal Herritik berriro pasatzea

Atzo Koldo Aldalur Euskadi Irratiko kazetariak gidatuta Abraham Olanoren solasaldia-hitzaldi batera joateko aukera izan nuen. Azkoitian izan zen eta Abrahamen hastapenak gogoratzetik egun Unipubliceko partaide izaterainoko ibilbidea jorratu zen.

Gustura izan nintzen ordu t’erdiz gorako saioan, izan ere tarteka Koldok EITBko datubasetik “harrapatutako” zenbait bideo jarri baitzizkigun oroigarri gisa: Munduko Txapeldun izatea lortu zuenekoa, Italiako Giroko etapa aipagarri haiek, pistako garaiak… polita joan zen.

Hala ere nire ustez interesgarriena egungo kargua eta pil-pilean dugun ibilbidea zen. Izan ere, dakizuen bezala, 33 urteren ondoren Vuelta euskal errepideetan izango da berriro ere. Hori dela eta bi ziren galdetzeko nituen galderak:

1. Ez al du kutsu politikoa orain Espainiako Vuelta Euskal Herritik pasatzeak? Saski baloiko selekzioa Gasteizen izan zen, Espainiako futbol selekzioaren partida bat San Mamesera ere ekartzeko asmoa badago… prest al dago euskal gizartea?

2. Errepidean txintxetarik izateko beldurrik?

Galdera gehiago ere izan ziren (Contadorren positiboa, Euskal Telebistan txirrindularitza nahi baino gutxiago emititzen dela edo ia bere seme-alabei txirrindularitza munduari ekiten lagunduko al zion) baina nik Vuelta Euskal Herritik berriro pasatzearen inguruan galdetu nahi nion Abrahami.

Abrahamen hitzetan Euskal Herrian txirrindularitzarekiko afizio handia dago eta ez zaio zentzugabekeria iruditzen Vueltan hemendik igarotzea. Gogora ekarri zuen Athletic eta Errealak Espainiako Ligan hartzen dutela parte eta guztiok hori onartua dugula. Udalak beraiengana jo zutela eskaria luzatuaz eta beraiek gustu onez hartu zutela. Bere ustez gizartea prest dago lasterketa hemendik pasatzeko eta argi utzi nahi izan zuen kirol batez ari garela eta ez duela politikarekin nahastu nahi. Nire ustez, ordea, nahiz eta ontzat jotzen dudan Vuelta euskal errepideetatik pasatzea Tourra Donostiara etorri zenean gustura hartu nuen bezala, politikoak gai hau politiko bihurtu dutela irizten diot.

Bigarren galderaren inguruan, berriz, aitortu zuen beldur puntu bat dutela, baina ez duela zertan ezer gertatu adierazi zuen. Euskal zalegoaren bertute onei eutsiz giro ona izango dela espero du Anoetarrak. Horrela suertatzeak poztuko ninduke, baina aurrez esan dudan bezala, politikoek gai hau politizatu dutelakoan naiz eta ondorioz gizartearen jarreran hori nabarituko dela. Ikusiko dugu ia nola joaten diren gertakariak!

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.