Contadorrek ezin Brajkovic utzi

Contador eta Brajkovic Alpe d´Huez igotzenIkaragarria gaur ikusi dugun etapa. Argi genuen faboritoen arteko lehia ikusiko genuela Alpe d’Huez-eko igoeran eta hala gertatu da.

Bi talde ziren protagonista, Radioshack eta Astana. Talde estatubatuarrak Brajkovic-i laguntzeko bi txirrindulari zituen eta Contadorrek lau. Garbi zegoen Contadorrek gaurko etaparako taldekideak lanean jarriko zituela berriro ere liderraren maillota berreskuratzeko.

Alpe d’Huez-en gora hasi direnean faboritoen tropeltxoan txirrindulariak Astanaren erritmoa jarraitu ezinik geratu dira. 8km-ren faltan espero bezala Contadorrek erasoa jo du. Atzetik, Pintokoaren ezusterako, Brajkovic-ek ederki jarraitu dio eta ibilbide guztian egindako eraso saiakeratan (bost bat edo izango ziren) esloveniarra indarrez bikain dabilela agerian geratu da.

Metro batzuk atzerago Szmyd, Coppel eta Van Den Broeck izan dira. Poloniarrak birritan egin du bat aurreko bi indartsuenekin eta makina bat eraso jo ditu etapa garaipena lortzeko asmotan, baina gaurkoan oilarren aurka ezinezko izan zaio.

Azkenean Contadorrek etapa garaipenarekin eta sailkapen nagusian 2. postura aurreratzearekin konformatu beharrean izan da. Brajkovic inoiz baino lider sendoagoa.

Radioshacken abisua?

Nire ustez gaur Armstrongek moral kolpe bat eman dio Contadorri Tourrari begira. Badirudi Astana taldea aurrez pentsatu baino indartsuago dagoela, baina Radioshack-ek Tourrean gerta daitekeenaren aurrerapen bat egin digula uste dut. Bihar Contadorrek zail izango du Brajkovic mendean hartzea eta hola gertatzen bada Tourrari begira Pintokoa urduri jartzeko moduko gertaera izan daitekeela uste dut.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.