Alphonse Steines, heroia pedalei eragin gabe (Pirinioak I)

col_du_tourmaletMendebete da Frantziako Tourra lehenbiziko aldiz Pirinioetara iritsi zela. 1910ko Tourrak mendiko bi etapa izan zituen: uztailaren 19an Perpingnan eta Luchon artekoa eta uztailaren 20an, Luchonetik Baionarakoa. Ordutik hona hamaika txirrindularik ospea eman diete Pirinioetako mendateei. Beste zenbaitetan, zapore ezin garrantzagoa utzi dute mendatetzarrek; adibidez, 1995ean, Casartelli Portet d’Aspet mendatean behera erori eta hil zenean.
Dena dela, txirrindulariak protagonista bilakatu aurretik, izan zen bereak eta bi egin zituenik, ziklistak gaur egun horren ezagunak diren mendateetan barrena ibil zitezen. Alphonse Steinesek omenalditxoa merezi du, benetan. Hari esker igo zuten txirrindulariek 1910eko Tourrean Tourmalet.
Henry Desgrange Tourreko buruaren laguntzaile Alphonse Steines Tourmalet ingurura abiatu zen urte hartako udaberrian. Mendatearen magaleko Sainte Marie de Campan herriko ostatuko jabeak baina, Steines eta haren gidaria, elurra zela eta, mendatea itxita zegoela ohartarazi zituen. Steinesek ez zuen amore eman nahi izan. Horixe ezetz! Tourmaleten gora abiatu ziren eta autoz egin zituzten lehen 15 kilometroak, baina handik gora jarraitzea ezinezkoa zen. Hori ikusirik, Steinesek gidariari autoarekin buelta emateko agindu zion eta berak aurrera jarraitu zuen, oinez. Artzain baten laguntzaz abiatu zen Steines, ttipi-ttapa eta ilunpetan iritsi zen gailurrera, 20:00ak aldera. Beherako bidea bakarrik egin behar izan zuen Steinesek, eta erori ere egin zen. Orduak aurrera zihoazen eta haren berri ez zutela , gendarmeak bere bila joan ziren. Baita goizaldean aurkitu ere. Steines erori egin zen, elurraren erruz ez zelako bidearen arrastoa ere ikusten. Gaur egun zortzimilakoetan noizbehinka izaten diren ezbeharrak dakartza gogoan kontakizunak. Azkenean baina, onik atera zen, eta behera iritsitakoan, Henry Desgranges, Tourreko buruari, mezua bidali zion: “Tourmaleteko errepidea ondo dago”. Steinesek ez zion nagusiari egia esan, baina gezurtxo hari esker handik aste gutxira igo ziren txirrindulariak Col du Tourmaletera.